Roguelike generoaren mundua hazten doan heinean, bideojokozaleek indie estudioekin lotzen du oraindik. Talde independenteek garatu ohi dituzte The Binding of Isaac, Nuclear Throne, Rogue Legacy, Enter the Gungeon edo Hades bezalako lan ezagunak; ez da batere arrunta izaten enpresa handiek AAA roguelikeak eratzea. Horregatik —eta beste hainbat arrazoirengatik— da Returnal horren berezia: tituluaren garapena hasterakoan indie estudioa bazen ere, Housemarque sortzaile finlandiarra PlayStation-en taldeen artean aurkitzen da gaur egun.

Hortaz, nahiz eta agian AAA etiketa ezartzea gehiegizkoa izan, Returnal aipatutako azpigeneroaren erakusle handienetakoa dugu. 2021ean PlayStation 5 kontsolan argitaratu ondoren, 2023an PC-rako bertsioa prestatu dute PlayStationekoek Climax Studio taldeak egindako port-arekin.

Atropos planeta zeharkatzea eta bertako misterioak argitzea izango dira obrak proposatutako helburu nagusiak. Selene Vassos protagonista bertara iritsi da ezaguna duen seinalea jarraituz. Bidean bere ontzia istripuan hondatuko du; hala ere, aurkituko dituenak antzinako zibilizazio estralurtarraren hondakinak baino ez dira izango. Planetako faunaren zein floraren aurka borroka egin eta hiltzerakoan, berriz istripuaren unera itzuliko dela ohartuko da Selene.

Oinarrizko proposamena, beraz, beste hainbat jokotan —zein filmetan edo liburutan— ikusi dugunaren oso antzekoa da. Are gehiago, begiztak eta zikloak ardatz dituen Edge of Tomorrow film ezaguneko antzeko estralurtarrak dira Returnalen ikusiko ditugunak.

 

Ikuskizun koloretsua

Hirugarren pertsonako tiro jokoen oinarriak ditu tituluak. Selenek mugikortasun handia erakutsiko du planetako oztopoak gainditzerako unean: saltoka aritzeaz gain, bulkadarekin batera distantzia motzak azkar batean zeharkatuko ditu. Bulkada da, inolako zalantzarik gabe, gure tresnarik baliagarriena: jokoak argi azaltzen ez badu ere, etsaien erasoak saihesteko balio digu, frame gutxi batzuetan hilezinak izango baikara —kolore moreko erasoak alboratuta—.

Ezinbestekoa da hau ezagutzea, munstro arruntek zein buruzagi erraldoiek jaurtitzen dituzten erasoekin jokoak bullet hell kutsua hartuko baitu. Roguelikeak aipatu ditugun arren, Housemarquen aurreko jokoetako hainbat elementu hartuta —Super Stardust, Resogun edo Nex Machina nabarmentzekoak dira— eratutako lana da Returnal.

Atropos ederra zein beldurgarria izango da.

Era horretan, Danmaku motako jokoan bilakatzen da Returnal: pantaila energia izpiz eta bolaz bete daiteke edozein unetan, sekulako ikuskizuna sortuta, eta, aldi berean, gure bizitza arriskuan jarrita. Hortaz, mugimendua menperatzea derrigorrezkoa izango da bizirik jarraitu gura badugu: une batzuetan lasai eta geldo ibiltzea nahikoa izango da erasoen erauntsia mugimendu zehatzekin saihesteko, baina bulkada erabiltzeko unerik aproposenak identifikatzen jakin beharko dugu erasoaldi bortitzenak ekiditeko.

Ez dago esan beharrik: zailtasun latzarekin topo egingo dugu. Behin eta berriro hiltzea ohikoa da Atroposko lurretan; ordu ugari eman ondoren ere, hanka sartze pare baten ondorioz nire partidak lehen geletan bukatu izan dira.

 

Eraldatzen doan armategi eta inbentario zabala

Arerioak akatzeko pistola arruntarekin hasiko dugu gure bidaia partida guztietan. Zorionez, Atropostik sakabanatuta armak, unean erabiltzeko objektuak, partida bakarra iraungo duten ezaugarriak zein behin betikoak izango diren abileziak aurkituko eta desblokeatuko ditugu.

Armen aldetik, egia esan, ez dugu ezuste handirik ikusiko. Aipatutako pistola, metrailetak, eskopeta, misil jaurtigailua eta bestelakoak dira ohikoenak; Electropylon Driver —nire kuttunena— edo Dreadbound gailuek, bestalde, energia sareak eta bueltan bilduko ditugun tiroak jaurtitzen dituzte, hurrenez hurren.

Ez gara munizioaz arduratu beharko, amaiezina izango baita; bai, ordea, errekargatzeaz. Berriz tiro egiteko prestatzean azalduko zaigun barrako une egokian tiro eginez gero, azkarrago hasiko gara tirokatzen. Hau adrenalina mailari lotuta dago: izakiak minik hartu gabe suntsituz gero, gure adrenalina igotzen joango da —batetik bostera arte— askotariko onurak eraginda. Lehenengo mailarekin, kasurako, ondo errekargatzeko tartea zabaltzen da. Kolperen bat jasotzerakoan, zoritxarrez, abantailak galduko ditugu.

Danmaku motako jokoan bilakatzen da Returnal: pantaila energia izpiz eta bolaz bete daiteke edozein unetan, sekulako ikuskizuna sortuta, eta, aldi berean, gure bizitza arriskuan jarrita.

Selenek armentzako gaitasun urriarekin hasiko ditu partidak: jokatu ahala, edo, kalibragailuak bilduta, gaitasun hori areagotzen joango gara. Zer suposatzen du honek? Atroposen aurkituko dugun armategiak maila hobea edukiko duela: indar gehiago, kargadore handiagoak zein ezaugarri bereziak bilduko dituzte.

Ezaugarriok abenturari gatza eta piperra emateko balio dute, armen sinpletasun orokorrari aurre eginez. Arma bakoitzak bi bereizgarri mota izan ditzake. Lehenik eta behin, bigarren tiro mota dugu: eraso indartsuagoa izango da, arerioetako asko kolpe bakarrean deuseztatzeraino.

Tiro alternatiboa, baina, guztiz ausazkoa izango da arma bakoitzean; aurki dezakegun bigarren pistola batek ez du zertan lehenengoaren eraso berezia eduki. Laserrak, hormen aurka sakabanatuko den izpi eskukada, lurrean zein hormetan kokatzeko minak edo munstroen gune ahulak suntsitzeko tiro zehatzak dira, besteak beste, aurkituko ditugunak. Behin erabilita, errekargatu arte itxaron egin beharko dugu; aproposena ahal dugun guztietan tiro egitea izango da, beraz, honek ere ez baitu muniziorik behar.

Trebetasun handia eskatzen du Returnalek, bai apuntatzerakoan, bai erasoak saihesterakoan.

Bigarrenik, ezaugarri bereizgarriak ikusiko ditugu armetan. Adibidez, eskopetak horrenbeste sakabanatzen ez den tiroa eduki dezake, baita bere tiroek eztanda egin ere; metrailetak ezkutua sortzeko aukera dauka, edo bizia berreskuratzeko baliagarriak diren bala parasitikoak. Armaren arabera ezaugarri bakarra, bi, hiru edo lau izango ditugu, hauek ere ausazkoak izanik. Hori bai, aldez aurretik desblokeatu beharko dira piztiak akatuz; behin eskuratzerakoan, hurrengo armek desblokeatuta izango dute —ezaugarri zehatz hori baldin badute, behintzat—.

Modu horretara, sinergiak sortuko dira. Pistola arrunta, esaterako, ez zait askorik gustatzen: gehienetan ez du indar askorik, apuntatzerakoan trebezia eskatzen du, eta kolpekariari behin eta berriz jotzen aritu beharko gara tiro egiteko. Misil jarraitzailearen eta metrailaren ezaugarriekin, ordea, arma suntsigarrian bilakatzen da: tiroek etsaien artean errebotatzen dute, eta apuntatzeko arazoak misilei esker desagertzen dira. Hortaz, jokoak ezaugarriok desblokeatzera eta hauekin esperimentatzera animatzen gaitu guretzat aproposenak direnak bilatzeko.

Antzekoa gertatzen da parasitoekin. Itxuraz kaltegarriak diren izaki hauek desabantailak eragin ditzakete, bai, baina aldi berean abantailak eskainiko dizkigute. Esate baterako, hiltzen garenean berpiztea, baina hori gertatzerakoan armekiko gaitasuna zeharo murriztea. Hainbat erantsi ahalko dira gure trajera aldi berean: batzuetan kentzeko aukera ere edukiko dugu, baina ez da arrunta izango, eta kasu horietan ere onurak zein eragozpenak sor daitezke.

Gauza bera objektu maltzurrekin —jokoak malignancy terminoa erabiltzen du—: altxor kutxak, bizitza berreskuratzeko silphium-ak zein moneta gisa erabiltzen diren obolite-ak kutsatuta egon daitezke, zauriak eraginda edo jantzian funtzionaltasun arazoak sortuta.

Oboliteak aipatuta, gela desberdinetan aurki daitezkeen saltokitxoetan edo fabrikatzaileetan xahutuko ditugu. Maila bakoitzak bere denda gordetzen du —lau bat objekturekin—, baina horiez gain gela berezietan dirua erabilita sor ditzakegun objektuak fakribatzeko gailuak aurkituko ditugu. Kasu batzuetan sortuko duten tresna ausazkoa izango da, baina, orokorrean, eratzen gabiltzana ezagutuko dugu ordaindu aurretik.

Erasoek eragindako kaltea edo bizitza areagotzen duten hobekuntzak, berpizteko gailuak zein abilezia bereziak eskaintzen dituzten erremintak eratuko ditugu: nire gogokoenetakoa, modu zuzenean errekargartzerakoan bi etsairi tximistak jaurtitzen dizkiena —honi esker garaipena lortu nuen lehen partida ikaragarri erraza egin zitzaidan—.

Lehen partidetan bilduko dugun objektuen kopurua gehiegizkoa izango da. Oraindik jokoaren oinarrizko mekanikak menperatu gabe ditugula dozenaka eta dozenaka arma zein kontsumigarri eskuratuko ditugu, hauek nola funtzionatzen duten edo zertarako balio duten guztiz jakin gabe. Itogarria egin daiteke, eta, batek baino gehiagok, ziurrenik, une horretan jokoa alboratzea erabaki dezake. Nahiz eta eementuak etengabe desblokeatzen jarraituko dugun, hauen erritmoa baretzen hasten denean abenturaz gehiago gozatuko dugu.

 

Ausazkotasuna ardatz, baina aniztasun gutxirekin

Partida bakoitzean eraldatutako Atroposekin topo egingo dugu: Abiapuntua beti berbera izango da, baina gelen egitura eta ordena desberdina izango da. Bizia galtzerakoan aurre egin beharreko erronka berdiseinatuko digu jokoak, nahiz eta askotan dueluak zein oztopoak errepikatuta ikusiko ditugun; hau da, mailak prozeduralki sortutakoak diren arren, zenbait partiden ostean identifikatzen hasiko garen elementuak partekatuko dituzte.

Denetariko izakiek erasoko digute gure abenturan.

Tamalez, errepikakortasuna dakar honek: bideojokoa menperatzen hasterakoan gela gehienetan sartzen garen unean hauetan aurkituko duguna ezagutzea. Etsaiak zeintzuk izango diren, agertuko diren toki zehatzak, objektuak nahiz sekretuak non egongo diren… noski, jokoaren mekanikak kontrolatzen gabiltzala esan dezakegu, baina aldi berean harritzeko gaitasuna galtzen doa horren ondorioz. Roguelike askorekin gertatzen den arazoa da, argi dago, baina Returnalen are gehiago sumatzen da hainbat ordu daramatzagunean.

Gutxien espero duzunean, hori bai, kokalekuak zein jokoa hedatuko dituzten ustekabekoak eskaintzen ditu jokoak. Abenturan aurrera egin ahala mugikortasuna areagotzen lagunduko diguten behin betiko itemak desblokeatuko ditugu: gantxoarekin argiztatutako lekuetara ziztu bizian joango gara, eta eremu zeharkaezinen gainetik ibiltzeko tresna lortuko dugu, adibidez. Hauekin dagoeneko ezagutzen ditugun mailak are gehiago irekiko dira, gela berrietarako sarbidea eskainiz.

Nola ez, maila edo mundu bakoitzaren amaieran buruzagi arriskutsua garaitu beharko dugu. Hauen aurkako dueluak jokoko unerik zoragarrienetakoak dira; aipatutako danmaku estiloko bullet hell kutsua biderkatu egiten da hauen kontra aritzerakoan, pantaila erasoz eta kolorez beteta. Gauza bera gerta daiteke, bat-batean, miniboss edo maila erdiko buruzagiekin. Ausazkoak izango dira, eta, batzuetan, zailagoak, edozein unetan irten ahal baitira. Ez digute prest egoteko denborarik eskainiko.

Borrokootan tentsioan ibiliko gara denbora osoan, kontzentratuta eta abilezia guztia erabilita: akats batek partida galtzera eraman gaitzake, edo, are okerrago, hainbat ordutara biziko dugun tiroketan heriotza eragin. Borroka batzuk bizitzekoak dira, benetan: laugarren biomako nagusiaren aurkako norgehiagoka sekulakoa da, adibidez.

Etsai nagusiak gaindituta, hurrengo gunerako giltza lortuko dugu —aurretik horra eramango gaituen portalea aurkitzea ezinbestekoa da—. Berezia da, baina, giltza behin bakarrik lortu beharko dugula: buruzagi bat akatuta, ez dugu berriz garaitu beharko aurrera egiteko. Are gehiago, hirugarren biomara iristea lortuz gero, lehenengo tokitik zuzenean joatea posible da, esaterako, lasterbidea irekiko baitzaigu. Egitura bitxia osatzen da modu horretara: hiltzerakoan Helios ontzira bueltatuko gara, baina nahiko azkar itzuli ahalko gara bizitza galdu dugun lekura.

Halere, ez da komenigarriena: roguelikea izanik, aproposena gune bakoitzean ahalik eta armarik zein objekturik gehienak eta onenak batzea da. Lasterbide hauek eskertzekoak dira, dena den, azkar ibili nahi bagara borrokaren bat praktikatzeko; Returnaleko partidak ikaragarri luzeak dira —ez da gehiegikeria—, maila bakoitza osorik esploratzeko ordu bat edo gehiago ibiltzea ohikoa izaten baita. Jokoa bukatzea lortu nuen saiakera ordu erdiko txanda izatea espero nuen hasieran... azkenik hainbat orduz jokatzen aritzeko, beti saio berean. Eskerrak ematekoa da baita edonoiz partida gordetzeko aukera: jokoa argitaratu zutenean ez zegoen ezaugarria, eta, egia esan, nahi dudanean uzteko aukerarik gabe ez nuke jokoa sekula santan gaindituko.

PS5ean nahiz PCan doako eduki gehigarrian jokatzeko aukera dugu. Ascension deitutako DLC-aren ezaugarri esanguratsuena Sisiforen dorrea da: gune berri honetan roguelike elementuak are gehiago nabarmenduko dira, aldi berean klasifikazio taulekin arkade kutsua areagotuta. Erronka labur zein biziak proposatuko ditu: gela motzetan dozenaka etsairen aurka ibiliko gara, munstro berriak ezagutuz, baita nagusiak ere. Oztopo mota desberdinak aurkezten ditu, oinarrizko abentura biziberritzeko bide aproposa izanik.

Kooperatiboa da eduki gehigarriaren beste ardatzetako bat. Bigarren Selene bat kontrolatuko duen lagunarekin batera aritu ahalko gara beraz, ohiko erronkak bikoteka gainditzea ahalbidetuz zein dibertsio maila areagotuz. Kontuz, hori bai: borrokak are gogorragoak izango dira binaka ibilita.

 

Zientzia fikzioaren zaleentzako narratiba erakargarria

Roguelike bideojokoa izan arren istorioak pisu handia duela aipatu beharra dago. Atroposko misterioa argitu nahi badugu, planeta estralurtarretik sakabanatutako testuak irakurtzen jakin beharko dugu. Horretarako itzulpen kodeak bilatuko ditugu geletan; lokalizazio maila desberdinak desblokeatuz Atroposen jazotakoak ulertu ahalko ditugu.

Dena den, narratiba askea da jokoak proposatzen duena, gertatutakoak ezagutzeko bidea zeharkatzea jokalariaren esku utzita; hau da, ez gara zertan misteriootan sakontzen ibili beharko.

Bizia galtzerakoan aurre egin beharreko erronka berdiseinatuko digu jokoak, nahiz eta askotan dueluak zein oztopoak errepikatuta ikusiko ditugun

Hori egiteak, baina, ordainsariak ere ekar ditzake. Adibidez, lehen biomako geletako batean Seleneren etxea azalduko zaigu. Batzuetan bertara sar gaitezke, ikuspegia lehen pertsonara igaroz eta beldurrezko jokoen kutsua hartuta. Seleneren bizitzaren inguruko sekuentziak biziko ditugu eszenotan, eta, hauek bukatzerakoan, objektu berriak desblokeatuko dira.

Laburrak direnez, ez diote kalte handirik eragiten partiden erritmoari, eta Atroposen gertatzen ari dena ezagutzeko jakinmina modu eraginkorrean pizten dute. Aurretik hildako Seleneen audio grabazioak ere aurkituko ditugu, hauek jazotakoak deskribatuz eta bakoitzaren bizipenak azalduz.

 

Grafikoak dira benetako munstroak

Ezin gaitezke atal grafikoari buruz hitz egin gabe geratu. PlayStation 5eko esklusibo urrietakoa izanik, PCan jokatu nahi badugu gailu indartsua beharrezkoa izango da: Nvidiaren RTX 2070 txartel grafikoa, i7 prozesagailua zein 16GB RAM dira, besteak beste, jokoaren gomendatutako zehaztapenak.

Asko eskatzen du, baina, behin jokatzen hasita, honen zergatia ulertuko dugu. Atropos zein bere bizilagunak izugarriak eta ikaragarriak dira: kokalekuak nahiz izakien modeloak xehetasunez beteta daude, eta gehienetan dozenaka garro eta bestelako elementu ikusiko ditugu mugitzen. Aipatu modura, bullet hell mekanikak direla-eta hainbat tiro, uhin eta eztanda ikusiko ditugu aldi berean, hauek pantaila betetzera iristeraino.

Partikulen efektuak zoratzekoak dira Housemarquen lanean.

Bukatzeko, partikulen efektu nabarmenak erakusten ditu Returnalek. Gure armen tiro berezietako asko errebotatzen ikusiko ditugu, sekulako ikuskizunak eratuz. Gainera, kokalekuetatik sakabanatutako elementu ugari ehundaka zatita apur daitezke, tiroketa bakoitza ikusgarria izanik.

Izpien trazadura ere aipatzekoa da: itzalen eta islen ray tracing-a edukitzeaz gain, soinuarekin ere gauza bera aktiba dezakegu, audio kalitate eta efektu izugarriak lortuta.

Halako efektuekin ez da harritzekoa gailu boteretsuaren beharra edukitzea, baina argi izan ezazu: proposatzen digun jokagarritasun azkarrarekin aproposena 60 fps-tara edo gehiagotara aritzea da. Returnal ez da irudien tasa baxuagoarekin gainditzeko bideojokoa. Ezin badituzu fps altuak eta egonkorrak bermatu, ez nizuke gomendatuko; izan ere, jokatzeko deserosoa izateaz gain, zailtasuna nabarmen areagotu dezake, gure mugimenduak oztopatuz edo lag-a eraginez… eta ez abentura erraza berez.

Aipatutako guztiarekin, Returnal ez da agian roguelike generoko bideojokorik borobilena izango: partida luzeegiak ez dira aproposenak eskaintzen dituen mekanikentzat. Egia da ia edozein unetan gordetzeko aukera izango dugula, baina oso aurreratuta daramagun partidara egun batzuk beranduago itzultzea gogorra egiten da, bakoitzean dozenaka objektu eta hobekuntza lortuko ditugulako, armekin batera jokagarritasuna zeharo aldatuta.

Bizi. Hil. Errepikatu.

Dena den, Housemarquena abentura zoragarria da. Sortutako mundu estralurtarra eta bertan aurkituko ditugun erronkak ikaragarriak dira; partiden jokagarritasuna doilorra, baina gozatzekoa da; narratiba askotan noraezean dabilen arren, gu gatibatzea lortzen du; garrantzitsuena, baina, jokalaria harritzeko duen gaitasuna da, hainbat ordu eman ondoren gauza berriak ikusten ariko baikara.

Agintzen duena bikainki betetzen du Returnalek: AAA roguelikearen aurrean gaude, horrek suposatzen duen guztiarekin. Akzio bizia eta gogorra, erotzeko atal grafikoa eta ordu luzeak eskaintzen dituen titulua da estudio finlandiarrak sortutakoa. Generoko zaleek ziurrenik benetan gozatuko dute, baina, denbora eta pazientzia edukiz gero, oraindik mundutxo honetan murgildu ez direnek ere ikus dezakete jokoaren benetako balioa.