Ascension hedapena martxoaren 22an estreinatuko da PlayStation 5 kontsolan. Eduki berrien artean joko kooperatiboa gehituko du.

PlayStationek joan den asteko State of Play aurkezpenean iragarri zuen Housemarque estudio finlandiarraren Returnal akziozko roguelike abenturaren lehen espantsioa: Ascension deitua, doako eduki gehigarri horren gameplay trailer luzea zabaldu dute dakartzan berritasun guztiak ezagutzera emateko.

18 minutuko iraupenarekin, Sisyphus dorre misteriotsua erakusten da bideoan. Sekretu eta atal narratibo berriekin batera amaigabeko erronka aurkeztuko du kokaleku honek. Dorreko solairuetatik gora egin ahala gauza bera egingo du partidaren zailtasunak: ausazko desafioak gainditu beharko ditu bertan Selene protagonistak.

Berritasunak ez dira kokalekuaren aldetik soilik etorriko: etsai ezezagunak zein orain arte ikusi gabeko altxorrak aurkituko ditugu eduki gehigarri honetan. Nola ez, klasifikazio taulak eta puntuazioak mantentzen jarraituko ditu Sisyphus dorre honek.

Are gehiago, joko mota bat gaineratuko diote Housemarquekoek beren azkenengo tituluari: kooperatiboa. Abentura hasierako Chronosis portalean aktibatuko dugu lagun batekin zein ezezagun batekin elkarlanean aritzeko ezaugarria. Jokoaren anfitrioaren gordetako partidan egingo dira aurrerapen guztiak.

Eduki guzti horiek batzen dituen Ascension hedapena martxoaren 22an helduko da PlayStation 5eko titulu esklusibora. Arestian aipatu modura, guztiz doakoa izango da bideojokoaren erabiltzaileentzat.