Drakula izango gara Digital Sun-en bideojoko berrian, gure gaztelua eratzeko lanarekin. Ordenagailuetan kaleratuko da.
Digital Sun estudio espainiarrak ReVamp estrategia tituluaren kaleratze data zehaztu du. 2027ko martxoaren 25ean iritsiko da, dorre defentsa, roguelike eta Castlevania elementuak elkartzeko asmoarekin.
Drakula banpiroen jaun bilakatuta, gure gotorlekua eratzea eta hau defendatzea proposatzen ditu bideojokoak. Achlys gauaren jainkosak madarikatuta, tronua defendatzea izango da helburua, gauero iritsiko diren armadei aurre eginez.
Hasteko, gaztelua antolatzen eta gelak prestatzen hasiko gara. Eremu labirintikoa eratuta, gotorlekuaren ganbera bakoitzean arerioak geldiarazteko edo akabatzeko izakiak eta oztopoak kokatuko ditugu. Noski, hauek inbokatzeak boterea eskatuko du, baina gau bakoitza gaindituta, gure ahalmenak indartzen joango gara.
Ez gara tronutik begira ariko, halere: Drakula gaztelutik zehar mugitzeko aukera egongo da erasotzaileengandik babesteko. Ganberetan isuritako odolarekin indartuko ditugu gure armadak, hurrengo iluntzeko erronkari aurre egiteko prest egon ahal izateko. Ziklo bakoitzaren artean ganberak edo izakiak desblokeatuko ditugu, baita Dracula bera indartu ere.
Datorren urtera arte zain egon beharrean, probaldiak eta betak iragarri dituzte egileek: urriaren 29rako iragarrita zeuden arren, azkenean urtarrilera berandutzea erabaki dute. Sortzaileen arabera, adimen artifiziala eta alderantziko ingeniaritza dira erantzuleak; hau da, probaldia klonatzeko eta kopiatzeko beldurra daukate. Urriaren 29tik aurrera Steam plataforman izena eman beharko dugu, jokoaren orrialdetik sarbidea eskatuta.
2027ko martxoaren 25ean estreinatuko da ReVamp Steam bidez.
Lander Unzueta
Iruzkinak