Yakuza frankiziako Like a Dragon Gaiden: The Man Who Erased His Name eta Like a Dragon 8 erakutsiko dituzte.

Udako aurkezpen handien artean berezko ekimena edukiko du aurten Like a Dragon —aurretik Yakuza izenarekin ezagututakoa— frankiziak. Izan ere, RGG Summit ekitaldiaren 2023ko edizioa ekainera aurreratzea erabaki du SEGAk: zehazki, ekainaren 16an ikusi ahalko dugu.

Zuzenekoa goizaldean, ordu japoniarrean, emango dute: 05:00etatik aurrera jarraitu ahalko da Like a Dragonen kate ofizialean:

Erakutsiko dutena zehaztu gabe, Ryu ga Gotoku Studio taldekoak prestatzen dabiltzana sakontasunean ezagutzeko aukera izango da. Gutxienez, bertan egongo diren bi titulu ezagutzen ditugu: Like a Dragon Gaiden: The Man Who Erased His Name eta Like a Dragon 8.

Gaiden Kazuma Kiryu protagonistaren itzulera izango da. Yakuza 6: Song of Life atalaren jarraipen zuzena izanik, zazpigarren eta zortzigarren atalen arteko Kiryuren bizipenak jarraituko ditugu. Protagonista errepikatuta, mekanika klasikoetara itzultzeko aprobetxatuko dute RGGkoek: beat ‘em up borrokak izango dira nagusi.

Garatzaileek iaz adierazi zutenez, ez da sagako atal handien parekoa izango; horren ordez, spin-off txikiagoaren aurrean gaudela dirudi. Hala eta guztiz ere, lehen Yakuza jokoen zaleentzat eginda dagoela diote japoniarrek. Like a Dragon Gaiden aurten kaleratzeko asmoa erakutsi zuten.

 

Ichiban ahaztu gabe

Bestalde, Like a Dragon 8 zazpigarren atalaren jarraipena izango da —argi egon beharko litzateke, baina badaezpada—: Ichiban Kasuga frankiziako protagonista berriaren itzulera suposatuko du, baita bere buruan bizitako JRPG mekanika zoroena ere.

Hemen ere Kiryu azalduko da berriz —orrazkera bereziarekin eta guzti—; hortaz, aipatutako bi bideojokoak estu lotuta egotea aurreikusten da. Zortzigarrena, baina, beranduago ikusiko dugu: datorren urterako aurreikusita dago.

Like a Dragon Gaiden nahiz Like a Dragon 8 ; PC, PS5, PS4, Xbox Series eta Xbox One plataformetan argitaratuko ditu RGG Studiok.

Aipatutakoez gain, noski, ezusteko gehiago espero dira ekainaren 16ko RGG Summit 2023an. Judgment abentura berriak, joko zaharren bermasterizazioak —Like a Dragon Ishin-en ostean, honen jarraipen Kenzan ikustea ez litzateke arraroa izango— edo bestelakoak izango ditugu, ziurrenik, SEGAkoen aurkezpenean.