Crypt of the NecroDancer ikaragarriaren munduan girotuta egon arren, musikarekin beste mota bateko mekanikak eskainiko ditu.

Brace Yourself Games estudioak bere lan berria abuztu hasieran ezagutzera eman zuen: Crypt of the NecroDancer eta The Legend of Zelda-ren munduan girotutako Cadence of Hyrule bikainak kaleratu ondoren, Rift of the NecroDancer interesgarrian ari dira lanean. Zer nolako jokagarritasuna eskainiko duen erakusteko asmoz argitaratu duten lehen bideoa.

Tituluaren izenburuak argi adierazten duen modura, beste batez erritmo joko baten aurrean gaude. Oraingoan, baina, RPG elementuak alboratuko dituztela dirudi; horren ordez, minijoko desberdinak bilduko dituela pentsa daiteke, trailerra ikusita behintzat. Guitar Hero-ren antzeko gitarra borrokak, Punch-Out estiloko dueluak zein Rhythm Paradise dibertigarritik aterata diruditen yoga klaseak ageri dira bertan.

Izan ere, hasiera batetik argi utzi nahi izan dute hau ez dela Crypten jarraipen zuzena; horren ordez, spin-off motako abentura da. Beraz, mundu berean girotutako obra guztiz desberdina izango da Rift.

Soinu banda gainerako jokoetan baino are garrantzitsuagoa izanik, honen arduraduna nor izango den zehaztu dute Brace Yourselfekoek: Danny Baranowsky eta bere kideak arduratuko dira Rift of the NecroDancerren minijokoetako erritmoa pizteaz.

Komunitateak gozatzeko hainbat ezaugarri ere iragarri dituzte: mod-entzako euskarri osoa edukiko duenez, jokoarentzako edukiak sortzea eta inplementatzea oso erraza izango da jokalarientzat. Horrez gain, lagunen artean onena nor den erabakitzeko klasifikazio taulak ere agindu dituzte arduradunek.

Azken egunotan indar betean dabiltza Brace Yourself Games estudioko kideak: uztailean Crypt of the NecroDancerrentzako 3.0 eguneraketa kaleratu zuten ustekabean. Doako adabaki honek askotariko ezaugarriak gehitzen dizkio 2015eko bideojoko sarituari.

Rift of the NecroDancerrera itzulita, honetara jokatzeko asko falta dela suposa dezakegu. Are gehiago, tituluak ez dauka ez argitaratze datarik, ez baieztatutako plataformarik. Gutxienez, PC-an estreinatuko dela dakigu, garatzaileek Steam plataforman aurkeztu baitute bideojokoa.