Urte hasieran estreinatu zuten 1.0 bertsioa. LOL-en borroka jokoa deskargatzen eta jokatzen jarraitzea ahalbidetuko dute.
2XKOren garapen aktiboa etetea erabaki du Riot Gamesek. Prentsa oharrean aditzera eman dutenez, abenduan lantaldeak eduki berriak prestatzeari utziko dio.
Arrazoia argia da: “Ez dugu jokoan gelditu diren jokalari nahikoa ikusi iraunkortasunerako bidea finkatzeko”. Bideojokoaren 1.0 bertsioa urtarrilean estreinatu zen PC, PS5 eta Xbox Series bertsioekin —2025eko urrian iritsi zen aurretiazko sarbidean ordenagailuetara—.
League of Legends ezagunaren unibertsoan girotutako doako borroka jokoa ez da uste bezain erakargarria izan, beraz. Zaleak kexaka agertu dira: askok adierazten dutenez, jokoaren edukien jarioa behar baino geldoagoa izan da, eta, aldi berean, Riotetik ez dute marketin eta promozio kanpaina eraginkorrik bideratu, jokoaren izenetik hasita zalantza handiak eraginda.
Albisteak ez du inor ezustean harrapatu. Otsailean lantaldea murrizten hasi ziren, 80 garatzaile kaleratuta, jokalari kopuru urriaren ondorioz talde osoa mantentzea ez zela beharrezkoa aldarrikatuta. Beste alde batetik, 2024an Pool Party proiektua alboratu zuten: Smash Bros estiloko LoLen borroka jokoa.
Garapena eten arren, 2XKO ez da desagertuko. Jokoa deskargatzeko eta jokatzeko zerbitzariek martxan jarraituko duela azaldu dute egileek. Oraindik prestatuta dituzten adabakiak eta edukiak kaleratzen jarraituko dute —Lux eta Samira borrokalariak gehituta, adibidez—, eta, irailean estreinatuko den 1.3.1 gaurkotzearekin, borrokalari guztiak eta itxura gehienak debalde eskainiko dizkiete jokalariei. Aldez aurretik ordaindu dutenei dirua itzuliko zaiela baieztatu dute, gainera.
Project L izenarekin hasi zen 2XKOren garapena duela hamarkada bat. Kaleratzeko behar baino denbora gehiago behar izan zuten arren, iritzi baikorrekin iritsi zen borroka jokoa. Halere, akatsek eta hutsuneek jokalarien arreta erakarri zuten bitartean, Riotekoek ez entzunarena egin zutela diote erabiltzaileek, jokalari hasiberrien eta adituen arteko oreka mantentzea lortu gabe.
2XKOren garapena abenduan etengo bada ere, PC, PS5 eta Xbox Series gailuetan jokatzen jarraitu ahalko da, guztiz dohainik.
Lander Unzueta
Iruzkinak