PlayStation 5eko esklusiboa zena iaz kaleratu zuen Koei Tecmo-k. Japonian girotutako mundu irekiko RPG abentura da.
Koei Tecmo eta Team Ninja enpresek Rise of the Ronin abenturaren PCko bertsioa iragarri dute. Martxoaren 11n Steam plataforman kaleratuko da.
Mundu irekiko abentura erraldoia pasa den urteko martxoan estreinatu zen PlayStation 5 kontsolan. Esklusibotasuna alboratuta, ezaugarri berriekin iritsiko da ordenagailuetara: 8K bereizmena —ez, ez dut zenbakia oker idatzi—, pantaila ultrazabalentzako euskarria, izpien trazadura, segundoko 120 irudiekin jokatzeko aukera zein DLSS, FSR edo XeSS eskalatze teknologiak ikusiko ditugu port-ean.
Japonia bisitatuko dugu, zelan ez: Bakumatsu arora bidaiatuko dugu Yokohama hirian guk sortutako ronin —nagusirik gabeko samuraia— bat kontrolatzeko. Katana duelu ikusgarriak biziko ditugu, kontraerasoekin zein mugimendu bereziekin, baina suzko armak eta bestelako tresnak ere eskuratuko ditu gure protagonistak.
Dena den, denetarikoak agintzen ditu jokoak: zaldi gaineko esplorazioa, minijokoak zein erronkak eta narratiba sakona ikusiko ditugu Rise of the Roninen. Ez pentsa abentura errealista denik: egoera eroak eta teknika miragarriak biltzen dira abenturan zehar.
PlayStationeko bertsioak harrera beroa jaso zuen iaz. Team Ninjaren azkenaldiko titulurik gogoangarrienetakoa dela diote askok; hala ere, mundu irekia egiteko jarduerez beteta dagoela nabarmentzen dute jokalariek, gehiegi, askotan.
Esan bezala, PCkoen txanda dator orain: martxoaren 11n merkaturatuko da Rise of the Ronin Steam plataforman.
Iruzkinak