2013ko jokoaren berregiteak originala osorik eguneratuko du ezaugarriekin, atal grafiko zaharberrituarekin eta erronkekin zein pertsonaiekin.
Roguelike bideojokoetan pentsatzerakoan Risk of Rain mitikoa etorriko da askoren burura, Binding of Isaac eta Hades bezalako klasikoekin batera. Hopoo Games taldea bere obraren berregitean lan egiten dabil, eta noiz kaleratuko den ezagutzera eman du: RoR Returns azaroaren 8an merkaturatuko dute ordenagailuetan zein Nintendo Switch kontsoletan.
Arduradunek berregitetzat izendatzen dute batzuetan, bermasterizaziotzat besteetan, baina argi dagoena aldaketa kopuru esanguratsua dakarrela da. Akziozko 2D plataforma jokoa izaten jarraituko du, noski, multijokalari eduki nabarmenekin.
Planeta arrotzean galduta ibiliko gara, eta bertako basapiztiei zein munstroei aurre egiteko beharrezko baliabideak bildu beharko ditugu. Bakarka, zein lagunekin. Partidak aurrera egin ahala etsaien maila nahiz indarra areagotuz joango da, zailtasuna biderkatuta.
Risk of Rain ondo ezagutzen dutenentzat “margo geruza berria baino gehiago” izango dela diote Hopookoek; izan ere, originala “zeharo eraberritzen eta eduki kopuru mordoa gehitzen du” Returnsek.
Kodea eguneratuta originalak ezin eduki zitzakeen ezaugarriak inplementatzen dabiltza. Hala ere, jatorrizko obran ikusitako elementu guztiak itzuliko dira: kalitate handiko pixel arte estetikarekin, hori bai. Soinuan ere hobekuntza adierazgarriak jasoko ditu; gainera, abesti berriak entzungo ditugu Chris Christodoulou musikagilearen eskutik.
Oreka zuzenketa eta aldaketa mordoa inplementatzen dabiltza berregitearekin. “Findutako jokagarritasuna” aipatzen dute, originala horren maitatua izatera eraman zituen funtsak ahaztu gabe. Biziraule edo pertsonai gehiago ikusiko ditugu, gainera, eta hasiberriek zein beteranoek abilezia alternatiboak jasoko dituzte.
Objektu eta elementu aldetik zerrenda handitu egingo da. Item batzuk guztiz berriak izango diren bitartean, Risk of Rain 2 jarraipenean agertutakoak ere gehituko dituzte. Etsai, ingurugiroko elementu, kokaleku aldakor eta eguneratutako multijokalaria aipatzen dituzte egileek, bukatzeko: “Ahaztu routerrarekin borrokan ibiltzeaz online partidak antolatzerakoan”, diote.
Bideojokoaren estreinaldiarekin batera emanaldi berezia jarraitzeko aukera egongo da. Gearbox argitaletxearen Twitch katean egingo dute zuzenekoa, eta ez da Risk of Rain Returnsera mugatuko; izan ere, RoR2ren berritasunak egongo direla agindu dute.
Esan bezala, RoR Returns azaroaren 8an kaleratuko da.
Iruzkinak