Kunio-Kun frankiziako laugarren jokoaren birmasterizazioa izango da. Udaberrian gainerako kontsoletara eta PC-ra iritsiko da.

Klasiko ezezagun zein maitatu bat helduko da azkenik gure lurretara. WayForward indie garatzaileak River City Girls Zero abenturaren argitaratze data zehaztu du: otsailaren 14an kaleratuko dute Nintendo Switch kontsola hibridoan.

Hala ere, jatorrizko jokoa ez da izen horrekin ezagutzen: Shin Nekketsu Kōha: Kunio-tachi no Banka deituta argitaratu zen 1994. urtean Japonian SNES kontsolarako; alabaina, orain arte eguzkiaren sorrera ematen den herrialdetik irten gabeko lana da. Kunio frankiziak nahiko arrakasta lortu zuen mendebaldean, batez ere kirol jokoen aldetik, baina saga nagusiko hainbat joko ez dira inoiz hemen kaleratu.

River City Girls Zero, beraz, SNESeko obraren birmasterizazioa izango da. Beat ‘em up erako jokoa da; hori horrela, dozenaka etsairen aurka borrokatu beharko dute protagonistek, hiria esploratuta eta hainbat minijokotan parte hartuta.

Jatorrizko 16 bit-eko atal grafikoa mantendu eta hainbat berritasun gehituko dizkio Technos garatzaile japoniarraren lanari: opening berria, manga estiloko hizketaldiak eta abesti berriak aipatzen dira, besteak beste.

Switcheko bertsioa egun batzuetara merkaturatuko den bitartean, PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One eta PC plataformetako bertsioak udaberrian kaleratzea aurreikusten dute Arc System Works-eko garatzaileek. Jokoa formatu digitalean estreinatuko den arren, fisikoan erosteko aukera ere edukiko dute gutxi batzuek; izan ere, Limited Run Games banatzaileak bertsio berezia aurkeztu du: martxoaren 13ra arte erreserba daiteke. Uztaila eta abuztua bitartean banatuko dutela adierazi dute.

Birmasterizazioaz gain, WayForward River City Girls-en jarraipenean lan egiten ari dela gogoratu beharra dago. River City Girls 2 uda honetan argitaratuko dute: aurreko jokoaren mekanikak mantendu eta hainbat hobekuntza ekarriko ditu, tokiko zein sare bidezko partida kooperatiboak jokatzeko aukerarekin.