Etorkizun itxaropentsuaren bila

Road 96: Mile 0 dualtasunean oinarritzen den bideojokoa da. Lider politiko baten eta talde misteriotsuaren ideologia politikoen talka, bi nerabeen bizitza zein euren ikuspuntua, bi lokalizazioen ezberdintasunak eta bi bideojoko generoen inplementazioa

Azken hau da gehien nabarmentzen dena. Testuinguru apur baten ondoren, bat-batean mutiko bat skate oholarekin ikusten dugu. Espazio surrealista batetik igarotzen ari da, eta, guk, jokalari bezala, hainbat oztopo saihestu beharko ditugu. Ezker eskuin mugituz, saltoen bitartez eta makurtuz. Une honetan pixkat nahastuta bagaude, ondoren gure nahasmendua areagotu egingo da. Beste leku batean bigarren protagonista lehen pertsonan maneiatuko dugulako. Ingurua esploratzeko ahalmena izango dugu, gainera. Bideojokoan aurrera egin ahala, konturatuko gara bi sekuentzia jokagarri hauek tartekatzen joango direla. Batak joko-mekanika arkadeagoak ditu eta besteak abentura narratiboen antza du

Honetan sakondu baino lehen, bideojokoaren bi protagonistak aurkeztea aproposa da. Alde batetik, Kaito dugu. Hirian bizi zenean bere lagun onena minbiziaz hil zen. Erruduna hiriaren kutsadura dela uste du. Orain, bera eta bere familia White Sands-en bizi dira, hiritik aparte kokatzen den bizitegi-gune bat. Beste alde batetik, Zoe dugu. Zoe petrolioaren ministroaren alaba da, eta White Sands-en alde aberatsean bizi da. Bideojokoan zehar biak maneiatzen joango gara, baina beti istorioak erabakitzen duen unean, jokalariak ezin du nahi duenean pertsonaiaz aldatu. 

Lehenengo ibilbide musikala

Aipatutako bi generoek kontzeptu ezberdinak planteatzen dituzte. Errealitatearekin eta fantasiarekin erlazioa dutenak. Ibilbide musikaletan (hala deitzen die bideojokoak) Kaito edo Zoe espazio psikodelikotik edo surrealistatik igaroko dira. Bata bere skatearekin, eta bestea irristailuekin. Sekuentzia jokagarri hauetan gure helburua ahalik eta puntuazio handiena lortzea izango da. Hala ere, euren funtzioa haratago doa. Sayonara Wild Hearts deitutako beste bideojoko bat gogorarazten dit, non antzeko proposamen batean, pertsonaia nagusia, bere motorrarekin alegiazko espazio batetik igaro behar zen.

Espazio hau bere psikologiaren irudikapen bat zen, eta egiten zituen ekintzak mundu errealean egiten zituen ekintzen irudikapena ziren, nahiz eta hauek guztiz ezberdinak izan. Road 96: Mile 0k era berean erabiltzen ditu sekuentzia hauek. Adibidez, lehenengo ibilbide musikalean Kaito bere hildako laguna gogoratzen ari da. Laguna espiritu bezala irudikatzen da, eta Kaito jarraitzen du. Une batean tentakulu batzuek espiritua hartzen dute, eta Kaito nahiz eta berarengana heltzen saiatu, ezinezkoa egiten zaio, betiko galdu duela sinbolizatuz. Sekuentzia berean Zoe agertzen da, eta espazioa aldatu egiten da, giro alaiagoa ezarriz. Zoeren zatia amaitzean, bideojokoak mundu errealera eramaten gaitu eta Zoe tronpeta jotzen ikusten dugu, Kaito gogaituz. 

Esan dudan bezala, ondoren mundu errealean pertsonaietako bat maneiatuko dugu, lehenengo pertsonan. Une hauetan beste pertsonaiekin hitz egin eta ingurua mia dezakegu. Pertsonaiekin hitz egitean, elkarrizketa aukera ezberdinak izango ditugu. Aukera batzuk pertsonaia protagonisten “ideologia adierazlea" mugitu egingo dute. Hala izendatzen dut, adierazle hau aldatzen joango diren aukerak edo ekintzak, sistemarekiko dugun ikuspuntuarekin zerikusia dutelako. Bideojokoan beste modu batean deitzen da.

Adierazlea bideojokoaren gatazka nagusiarekin zuzenean erlazionatuta dago. Hauteskundeak hurbil daude, eta Tyrak presidentea berriro aurkeztuko denaren zurrumurruak daude. Badirudi biztanleria ez dagoela oso pozik oraingo egoerarekin. Klase sozialen artean gero eta alde handiagoa dago, eta, gainera, errepresio polizialaren mehatxuak presiopean du jende xumea. Hori gutxi balitz, argi dago petrolioa boterea izateko baliabide garrantzitsua dela, eta petrolioan horren ardaztutako sistemak kutsadura handia sortu du hirian. Osagai guzti hauekin, iraultza sortzeko testuinguru aproposa gauzatzen da. Eta horretaz okupatzen da brigada iluna deitutako talde iraultzailea. 

 

Sistemaren alde edo kontra? Zuk “aukeratu”

Tentsioz betetako giro honetan Zoek eta Kaitok noren alde dauden aukeratu beharko dute. Kaitok argi du, sistema goitik behera aldatu behar da. Zoek aldiz, gobernuan dagoen ministro baten alaba izanik, zalantzak ditu. Bideojokoan zehar, gure rola bi gazte hauen ideiak mantentzea edo aldatzea izango da. Brigada ilunak egiten dituen ekintzak etikoak dira? Konforme gaude sistema zalantzagarri hau mantentzearekin? Nork esaten du egia eta nork gezurra?

Ideien aldaketa hau elkarrizketak aukeratuz edo bestelako ekintzen bitartez gauza daiteke. Adibidez, hirian zehar gobernuari buruzko kartelak apurtu egiten baditugu, gure adierazlea aldatuko da. Eta alderantziz, ia jausita dagoen kartela ondo jartzekotan, adierazlea beste aldera mugituko da. Bideojokoak argi adierazten digu gure ekintzek eta aukerek ondorioak izango dituztela, gero hori egia den ala ez beste kontu bat da. Ez dut uste sistema honek garrantzia handia duenik, eta interesgarriagoa iruditzen zait bi nerabeen arteko erlazioa eta bakoitza duen ikuspuntua ikustea. Kontu honek guztiak eta bakoitzaren testuinguruak bi pertsonaien artean talkak sortzeko balio du. 

Road 96: Mile 0 bideojokoaren momentu onenak Kaitoren eta Zoeren arteko elkarrekintzan daude. Bi lagunen arteko harremanak etengabeko gorabeherak izango ditu. Batzuetan eztabaidatzen egongo dira, eta beste une askotan ondo pasatzen ariko dira. Agian alderdi honetan bideojokoak ez du ezer berririk eskaintzen, baina bi nerabe hauek tentsio handiko testuinguru politikoa nola bizitzen duten interesgarria da. 

Nerabeek duten izaera jostalari hau mekanikoki ere helarazten da. Lehen pertsonan diren sekuentziatan, nahiz eta mekanika nagusiak argi egon, askotan bideojokoa jostagarritasuna aldatu egiten da, minijokoak eskainiz. Une batean grafiti bat egin ahalko dugu, beste momentu batean walkie-talkie batekin frekuentzia zehatz bat bilatu beharko dugu, beste momentu batean hiru marretara jokatuko dugu…

Horrez gain, bi gazteak maneiatzea eta bizitza ezberdinak izatea narrazioa laguntzen du. Ez bakarrik bakoitzak ikuspuntu ezberdina duelako, baizik eta bizipenak ere ezberdinak izango direlako. Kaitoren partetik, lekuaren gune umila ezagutuko dugu, bitarteko gutxiko pertsonak nola bizi diren zein sistemarekiko duten ikuspuntua ikusiz. Zoeren begietatik, aldiz, alde aberatsa ikusiko dugu. Interesgarria da nola erlazionatzen den jendea pertsonaia bakoitzarekin. Hau argi uzten da Zoeren kasuan, non ministro baten alaba izanda, inguruko jendea errespetuz eta beldur apur batekin hitz egiten dioten. 

Ez da 2023ko bideojoko onenen zerrendetan egongo. Baina ez du behar, akaso inporta du? Zoeren eta Kaitoren istorioak bere estilo propioa du. Bi genero era eraginkorrean tartekatzen ditu, bakoitzak narrazioa garatzeko era ezberdin bat eskainiz. Agian faltan bota dudana bi nerabeen arteko une gehiago izan dira, edo euren bizitzen pasarte gehiago. Bideojoko nahiko laburra da. Niretzako hau ez da inoiz arazo bat izan, baina nire ustez, istorioan garapen luzeago bat falta izan zaio. Batez ere, azkenengo zatian. Hala ere, eskertzen da hau bezalako proposamen ezberdinak jasotzea. 

Aipatu behar da bideojoko hau Road 96 bideojokoaren prekuela dela. Nik ez dut jolastu, hortaz ezin ditut alderatu. Era berean, Kaito, Lost in Harmony deitutako beste bideojoko batean agertzen da, non ibilbide musikalen kontzeptua erabiltzen zen, baina era ezberdinean. Beharrezkoa da lehenengo bi bideojoko hauek jolastea? Ez dut uste. Kontuan har ezazuen diot. 

Playstation 4 arruntean jolastu dut, eta errendimendua ez zait onena iruditu. Jokagarria da noski, baina uste dut gehiago landu ahal izan dutela. Gaur egungo plataforma guztietan eskuragarri duzue, ordenagailuan barne.