Nacon argitaletxeak eta Teyon estudioak garatutako lehen pertsonako tiro jokoa irailera geroratu da.

Paul Verhoeven zuzendariak 1987an estreinatutako RoboCop kultuzko klasikoak bideojoko berria jasoko du: Rogue City. Aspaldi iragarri bazen ere, orain arte ez dugu bere jokagarritasuna ikusteko aukera handirik eduki: hori zuzentzeko trailerra aurkeztu dute arduradunek Nacon Connect zuzenekoan.

Akziozko tituluak proposatutakoa filmearen hainbat eszenatan ikusitakoa da; hau da, RoboCopen rola betez krimenak ikertzea eta gaizkileak egurtzea. Horretarako, Detroit hiriko kale ilun eta arriskutsuak zeharkatuko ditugu Teyon estudioak prestatutako atal grafiko ikusgarriaz gozatuz lehen pertsonako ikuspegiarekin.

Bideoan ikus daitekeenez, lehenik eta behin justizia banatzeko aztarnak bilatu beharko ditugu. Drogak aurkitu, testigantzak bilatu, eta, behin gaizkileen aurrean gaudela, tiroketak hasiko dira. Alex Murphy protagonistaren Auto-9 pistola mitikoa zein beste hainbat arma eskuetan hartuta ariko gara gune txiki eta ilunetan tiroketetan parte hartzen. Bala denboraren erabilpena ageri da, esaterako: denbora moteltzearekin batera errazagoa izango da zitalak akatzea.

Ez dirudi tiroketen alorrean berritasun handirik gehituko duenik, baina RoboCopen zaleentzako lan aproposa izango dela pentsa dezakegu. Gauza bera gertatu zen Teyonek argitaratutako Terminator: Resistance-kin, filmeen jarraitzaileentzat gozamentxoa zen lana izan baitzen.

Zoritxarrez, aurreikusitakoa baino gehiago itxaron beharko dugu Rogue Cityn jokatzeko. Ekainean argitaratzea agindu zuten arren, azkenik gerorapen txikia jasan du tiro jokoak: irailerako prest edukiko dutela diote. PC-an zein PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan jokatu ahalko dugu.