2021ean doako joko bezala argitaratuko du Psyonixek. Banakako edo binakako bi minutuko partida laburrak izango ditu oinarri.

Rocket League da, zalantzarik gabe, azken hamarkadan arrakasta erraldoia lortu duten multijokalari lanetatik ibilbide egongokorrena eduki duen obra. Psyonixek garatutako jokoa 2015ean estreinatu ondoren, PC zein oraingo kontsola guztietara iritsi da, azkenean Epic Gamesek erosita doako jokoan bilakatzeko. Bide hori jarraituta, gailu mugikorretarako antzeko lana prestatzen ari dira orain arduradunak: Rocket League Sideswipe.

Androiderako eta iOSerako obra honetan jokalariek berriz hartuko dute turboarekin ibiliko diren auto azkarren kontrola. Horiekin futbolera ariko dira nagusiki, baina hainbat aldaketekin: bi dimentsioko planoan jokatuko dela izango da nabarmenena, altuera batean kokatutako ateekin. Aldaketa hori ukipen-pantailekin jokatzea ahalbidetzeko egin dute garatzaileek. “Rocket Leagueko txapelduna edo hasiberria izan arren erraz ikasteko kontrolak” izango direla agindu dute.

Partidak banakakoak edo binakakoak izango dira oraingoan. Bi minutuko iraupena edukiko dute, eta “hurbileko zein urruneko adiskideekin jokatu ahalko da sare bidezko jokoari esker”. Partida lehiakorrak ere egongo dira, beraz Sideswipen jokalari adituen presentzia aurreikusten dela esan daiteke. Futbolaz gain, saskibaloira aritu ahalko dela ikus daiteke trailerrean.

Aurreko jokoan ikusitako autoak egongo dira gailu mugikorretarako lanean eta horiek pertsonalizatzeko aukera emango dute, orain arte egin bezala. Australia eta Zeelanda Berrikoentzako alpha bertsioa kaleratu dute arduradunek; etorkizunean gainerakoentzat prestatutako beta irekiak agindu dituzte, baina horietarako itxaron egin beharko da.

Rocket League Sideswipe urte honen bukaera merkaturatuko du Psyonixek. Esan bezala Android eta iOS sistema eragileak erabiltzen dituzten gailuetan jokatu ahalko da; doako jokoa izango da Sideswipe.