Grand Theft Auto VIren estreinaldiarekin batera hartuko dute erabakia.

Rockstar Gamesen Erresuma Batuko langileek sindikatua eratzeko erabakia hartuko dute. Rockstar Games Workers Union eta Independent Workers Union of Great Britain sindikatuek aditzera eman dutenez, datorren hilean egingo dute bozkaketa.

Azaroaren 12tik 26ra bitartean antolatuko da, zehazki. Egun garrantzitsuak izango dira Rockstarrentzat nahiz beren langileentzat: azaroaren 19an kaleratuko da estudioaren hurrengo proiektu handia, Grand Theft Auto VI.

Langileak uztailetik dabiltza Rockstarreko ordezkariekin biltzen. Liskarrak eta arazoak, baina, iaztik datoz: 2025eko urriaren 30ean bideojokoaren jabeek Edinburgoko Rockstar North lantaldeko 31 langile kaleratu zituzten, euren esanetan, enpresaren isilpeko datuak argitaratzeagatik. Langileen bertsioa erabat desberdina zen: Rockstar Northen baitan sindikatua eratu nahian zebiltzan langileak kanporatzea egozten zieten enpresakoei.

Hortik abiatuta, manifestazioak eta protestak nagusitu ziren Edinburgoko bulegoetan. Mugimenduak indarra hartuta, Rockstar Games Workers Union sindikatua eratzeari ekin zioten langileek, oraingoz enpresaren onarpena ez badute ere. IWGB sindikatuak prentsa oharrean azaldutakoagatik, botoa irabaziz gero, Rockstar Games Workers Union sindikatua Erresuma Batuko bideojokoen industriako sindikaturik handiena izango litzateke; hori horrela, herrialdean zein mundu osoan sindikatu gehiago eratzeko bidea zabal dezakeela nabarmentzen da.

Helburuen artean, soldatak, lanordu estrak edo crunch garaiak, lan karga moldakorrak eta adimen artifizialari lotutako politikak zehaztu nahi dituzte sindikatuko ordezkariek.

Gaian bete-betean sakonduko dugu azaroaren 7an: Nestor Uriarte Rockstar Games Workers Union sindikatuko ordezkari nagusiak parte hartuko du Jokoteknia Bideojokoen Euskal Jardunaldian. Bere hitzaldian, sindikatuaren hastapenak, egungo egoera eta lortu nahi diren helburuak aipatuko ditu, halako taldeak sortzearen garrantzia azpimarratuta.

Post by @gamerauntsia@mastodon.eus
View on Mastodon