Lantaldearen % 25 agertu da Rockstar Games Workers Union enpresaren baitan eratzearen alde bi asteko bozketa prozesuaren ondoren.

Rockstar Games Workers Union sindikatua Rockstar Games enpresaren baitan osatzeari uko egin diote langileek, Independent Workers Union of Great Britain (IWGB) sindikatuak aditzera eman duenez.

Azaroaren 12tik 26ra bitartean bideratutako bozketan lantaldearen % 25 baino ez da agertu RGWU eratzearen alde. 1.600 langile inguruk bozkatu dute, Rockstar North bulegoko lantaldearen gehiengoak, alegia.

Rockstar baitan dabiltzan sindikatuko ordezkarientzat eta kideentzat kolpe gogorra den arren, erabakiak ez du sindikatua desagerraraziko dela adierazi nahi; hots, Rockstar Gameseko arduradunek ez dute ofizialki aintzatetsi behar, sindikatuko ordezkariekin bilerak egiteari uko eginez, adibidez.

RGWUkoak IWGB sindikatuaren baitan lanean jarrai dezakete langileen eskubideen aldeko mugimenduarekin bat eginez, nahiz eta Rockstarrek zein Take Two-k sindikatua onartu gabe jarraituko duten.

Soldatak, lanordu estrak edo crunch garaiak, lan karga moldakorrak eta adimen artifizialari lotutako politikak hobetzea zein egonkortzea bilatzen dute RGWUtik. Izan ere, azken hilabeteotan manifestazioak eta protestak nagusitu dira Edinburgoko Rockstar North taldearen bulegoan.

Langileen eskubideak bermatzeko bideratutako sindikatuaren ordezkaria da Nestor Uriarte euskalduna. Jokoteknia jardunaldietan parte hartu zuen azaroaren 5ean, Rockstar Games Workers Unionen hastapenak, erronkak eta helburuak azalduz.

 

Etsi gabe

Sindikatutik borrokarekin jarraitzeko prest agertu dira: “Rockstarren lantoki, sektore zein gizarte bidezkoagoetan sinesten duen edonorentzat, hau ez da etsitzeko seinalea, gure eskubideen alde are gogorrago egiteko zantzua baizik”.

Lankideen “konfiantza irabazteko” lanean jarraituko dutela adierazi dute, dagoeneko “lantaldearen ehundaka kidek sindikatua osatzearen alde bozkatu dutela” aldarrikatuta. “Tamalez, gure kide gehiagoren oniritzia zein elkar aditzea irabazteko oraindik lan asko daukagu egiteke”, diote. “Hori jazotzeko ahalegina egiteko prest gaude”.