Bideojokoetan aritzeko moldatutako Windows sistema eragilea erabiliko du. Bi modelorekin iritsiko da urte bukaerarako.
Microsoftek eta Asusek kontsola eramangarria aurkeztu dute. ROG Xbox Ally izenarekin, PCko bideojokoak mugitzeko gai izango den eskuko ordenagailua prestatzen dabiltza.
“Hau Xbox bat da”, diote prentsa oharrean. Windows erabiliko du, baina gailu berriarentzako bereziki moldatutako sistema eragilearekin, Xbox kontsolek egin bezala.
Duela aste batzuk ezagutu genuen filtrazioarekin; hala ere, informazioa ez zen guztiz zehatza. Bi modelo desberdin egongo dira, bai, baina biak dira Xboxenak: ROG Xbox Ally eta ROG Xbox Ally X kontsolak erakutsi dituzte, desberdintasun esanguratsuekin.
Antzekoak, baina desberdinak
Biek partekatzen dituzten ezaugarriei dagokienez, Nintendo Switch edo Steam Deck antzeko gailuaren aurrean gaude; berezitasunik esanguratsuena aginte estiloko heldulekuena izan daiteke. 7 hazbeteko LCD 1080p/120Hz pantaila daukate biek: dimentsioak berberak dira orokorrean. Wi-Fi 6E (2 x 2) + Bluetooth 5.4 konektibitatea daukate, eta 65W-eko kargagailua daukan dock-arekin merkaturatuko dira.
Hortik aurrera desberdintasunak agertzen hasten dira. ROG Xbox Ally xumeagoak AMD Ryzen Z2 A prozesadorea erabiliko du 16GB RAM memoriarekin eta 512GB SSD biltegiratzearekin. 60Wh-ko bateria darama, gailuak 670 gramoko pisua izateraino.
ROG Xbox Ally X indartsuagoak, bestalde, AMD Ryzen AI Z2 Extreme prozesadorea dauka. 24GB RAM eta TB 1eko SSD biltegiratzea eskaintzen ditu. Bateriari dagokionez, 80Wh-koa da, eta, horren ondorioz, pisua ere areagotzen da 715 gramoetaraino. Beste aldaketetako bat kolpekariena da: erantzun haptikoa edukiko dutela dirudi.
Windows, garbiago
Windowsera itzulita, Xboxen gaurkotutako aplikazioak eskainiko dio interfaze nagusia, baina ez da bertako bideojokoetara soilik mugatuko. Redmond-ekoek diotenez, PCko gainerako plataforma eta launcher desberdinak modu errazean erabili ahalko dira ROG Xbox Allyetan.
Arestian aipatu modura, sistema eragile berezia erabiliko dute: itxura batean, Windows 11n bigarren planoan dabiltzan aplikazio ugari desaktibatuko dira eskuko PC hauetan, errendimendua nabarmen areagotuz. Ikusteko dago W11ren bertsio hau beste gailu batzuetara ere iritsiko ote den.
Zalantza ugari daude oraingoz, tamalez. Alde batetik, ez dute merkaturatze data zehaztu: urtea bukatu aurretik estreinatuko dira, eguberri aldera, baina eguna iragarri gabe geratu dira. Beste aldetik, prezioa ere aipatu gabe geratu da. ASUS Rog Ally originala 700 dolarretan estreinatu zen 2023an; hala eta guztiz ere, Microsoftek prezio lehiakorragoan eskain ditzake biak.
ROG Xbox Ally zein ROG Xbox Ally X eskuko PCak 2025a bukatu aurretik argitaratuko dira.
Iruzkinak