Sarbide goiztiarrena argitaratu da PCrako Steam plataforma digitalean. 150 maila zoro baino gehiago eskaintzen ditu.

Arkade jokoak beti dira eskertzekoak, batez ere dibertsioz betetako joko azkar gero eta gutxiago ikusten diren garai batean. Horren bila dabiltzan bideo-jokozaleak daudela jakinda ari dira garatzen Rolled Out! hiru dimentsioko plataforma joko zoroa Polarbyte Gameseko garatzaileak.

Super Monkey Ball ezagutzen dutenek Segaren jokoen atal berri baten aurrean daudela pentsatuko dute Rolled Out! ikusita: puxtarri batean sartuta ziztu bizian biraka doan animaliatxoa da abentura honen protagonista, izan ere. Bere helburua maila bakoitzaren helmugara iristea izango da: eskuz sortutako 150 maila baino gehiago edukiko dituela agindu dute arduradunek.

Trebezia maila guztientzako jokoa izango da gainera: arkade joko motan bizkortasunez ibili beharko da, baina lasai praktikatu eta hobetzeko aukera ere edukiko du nahi duenak. Mailak okertuta mugitu beharko da puxtarria aurrera egiteko, bidean hainbat oztopo gainditu behar izanik.

Rolled Out! crowdfunding kanpaina baten bidez finantzatu zuten Polarbytekoek 50.000 euro lortuta. Behin betiko bertsioa kaleratu aurretik kanpainan dirua jarri zutenentzako beta bertsioak kaleratzen joan izan dira. Halere, publiko zabalagoarengana heltzeko asmoarekin sarbide goiztiarrean estreinatzea erabaki dute: dagoeneko Steam bidez jokatu daiteke.

Behin betiko bertsioa datorren urterako prest edukiko dutela diote arduradunek: egun kaleratutako bertsioaren aldean pertsonaia, joko mota, maila eta ezaugarri berriak gehitzea aurreikusten dute, jokalari bakarrarentzako kanpainarekin batera.