Beltzebu deabrua kontrolatuko dugu urik gabeko mundua esploratzeko. Oraintsu estreinatutako filmearen pausoak jarraitzen ditu.

Akira Toriyama Dragoi Bola edo Dr. Slump —Arale, guztiok ulertzeko— bezalako manganimeengatik da ezaguna, baina bere ibilbide profesionalean bestelako obrak ere sortu izan ditu, atal gutxikoak askotan. Hori da Sand Landen kasua: izen bereko bideojokoarekin mangakak eratutako mundua berreskuratuko du Bandai Namco argitaletxeak.

2000. urtean Shonen Jump aldizkari ezagunean argitaratutako istorioa da Sand Landena; aurten, gainera, animazio filma jaso du. Bideojokoak bi hauetan azaldutako gidoia hartuko du hedatzeko asmoz. Hori ezagutzera emateko istorio trailerra prestatu dute arduradunek.

Beltzebu printzea izango da gure protagonista: Satan deabruaren semea, alegia. Sand Landen munduan gizakiak deabruekin batera bizi dira. Bizitza gogorra izango da, ordea: gerren ondorioz Lurreko ur gehiena desagertu da, eta basamortuz betetako lurraldeetan bizirauten dute pertsonek zein munstroek.

Deabruen printzearekin batera Thief laguntzailea eta Rao sheriffa egongo dira. Hirukotea ezkutuko ur iturriaren bila abiatuko da basamortutik; bidean denetariko piztiekin topo egingo dute, baina baita errege zitalaren armada arriskutsuarekin ere.

Bideojokoak borroka mekanikak, tanke gaineko atalak eta esplorazioa batuko ditu RPG ezaugarriekin. Mundu irekiko abentura izango da: nahi dugun bezala ariko gara misioak betetzen, esperientzia lortzen eta istorioan aurrera egiten.

Atal grafiko zaindua nabarmentzekoa da. Unreal Engine garapen motorea erabilita mangaren zein animazio filmearen irudiak gogora ekartzen dituen estetika prestatu dute japoniarrek: pertsonaien modeloak Toriyamak berak egindakoak direla pentsa daiteke.

Sand Landek ez dauka argitaratze datarik oraindik; dena den, PlayStation 5 nahiz Xbox Series kontsoletan eta PCan argitaratzeko asmoa dauka Bandai Namcok.