Nintendok prentsa ohar baten bidez jakin arazi duenez, larunbatean uztailak 11, Satoru Iwata Nintendoko presidentea hil egin zen.

Gaixotasun latz bat ari zen pairatzen iaztik. Hau dela eta, 2014. urteko E3 azokara ez zen aurkeztu. Azken partean jasaten ari zen kantzerraren aurkako tratamendua ondo zihoala esaten bazuen ere, azkenean ezin izan du gainditu.

Azken 13 urteetan Nintendoko presidente izan bada ere, bideojokoetan izan duen ibilibidea luzea eta oparoa izan da. Satoru Iwata 1959. urtean jaio zen Sapporon. 1983. urtean Hal Laboratories Inc. konpainian hasi zen lanean argi baitzuen bere etorkizuna bideojokoen munduan egongo zela. Konpainia hau da Kirby, Adventures of Lolo edo Mother (Europan EarthBound bezala ezaguna) jokoen egilea, eta azken joko honetan, Mother-en hain zuzen ere, garatzaile zuzena bera izan zen. Hamar urteren ostean konpainiako presidente izendatu zuten, eta hurrengo urtean Nintendoko postu garrantzitsu bat izatera pasa zen.

 

2002. urtean Hiroshi Yamauchi, ordura arteko Nintendoko presidentea erretiratu zenean hartu zuen berak kargua. Momentu horretatik, bere nahia Nintendon jokatzeko modu berritzaileak bilatzea izan zen. Eta bere nahi horretatik jaio ziren Nintendo DS eta Wii arrakastatsuak, biak ere jokatzeko sistema berritzaileak erakutsi zituzten.

Bere karguarengatik ez badu horrela ematen ere, beti izan da bideojoko zale sutsua, 2005. urteko “Game Developer”-ean esan zuen: “Nire enpresa txartelean konpainiako burua naizela jartzen badu ere, nire buruan bideojoko garatzailea naiz, eta bihotzez gamerra”. Bera egon izan da hainbat jokoren garapenean, zuzenean edo ekoizle moduan: Metroid Prime, Super Mario Sunshine, Super Mario Galaxy... Zerrenda osoa ikusteko: Zerrenda

Bere heriotzak erantzun ugari sortu ditu komunitatean:

 

 

 

 

 

 

Orain, behin behinekoz Shigeru Miyamoto eta Genyo Takeda izango dira konpainiaren buru, biak izen oso ezagunak jokalarien artean.

Azken aldian, Nintendo WiiUaren gora beherak direla eta, kritika ugari jaso izan ditu, hala ere, Satoru Iwatak asko egin du Nintendogatik eta orokorrean bideojokoen industriagatik. Satoru Iwata, ez zaitugu ahaztuko!