Datorren urteko gabonetan estreinatzeko asmoa daukate Sabotage Studio-ko arduradunek, Kickstarter kanpaina arrakastatsua lortu ondoren.

Sea of Stars erakargarria erakutsi dute berriz Sabotage Studiokoek; oraingoan, Nintendo-ren Indie World aurkezpenaz baliatu dira beren sprites osatutako JRPG polita ezagutzera emateko. Arreta erakartzen duen lehen ezaugarria atal estetikoa bada ere, 90eko hamarkadako JRPG bikainak gogora ekartzen dituen jostagarritasunak generoaren zale sutsuenen begiradak erakarriko ditu.

The Messenger bikainaren arduradunen joko berri honek Chrono Trigger bezalako rol joko japoniarren ibilbidea jarraitzen du. Txandakako borroka sakonak, esploratzeko mundu zabala eta nostalgia asko batzen dituela argi geratzen da trailerra ikusita.

Solstizioaren haurrak izango dira abenturako protagonistak: eguzkiaren eta ilargiaren botereak kontrolatuko ditu bi pertsonaietako bakoitzak, eta elkarrekin eklipse magia erabiltzeko aukera izango dute. Hori izango da mundu salbatzeko bide bakarra. Istorioa gainera The Messengerreko munduarekin lotuta egongo dela baieztatu dute Sabotagekoek.

Chrono Trigger aipatuta, antzekotasunak jostagarritasunetik harago doazela nabarmendu beharra dago; izan ere, Indie Worldean soinu banda Yasunori Mitsuda musikagilearen esku dagoela baieztatu zuten: Chrono Trigger zein Cross eta Xenoblade Chronicles 2 berriagoaren musikaren arduraduna da, besteak beste.

Proiektua Kickstarter webgunetik abiarazitako finantzaketa kanpaina bidez prestatzen ari dira. 2020an bete zute finantzazio helburua: milioi bat euro inguru lortu zituzten, sekulako arrakasta indie estudioarentzat.

Sea of Stars 2022ko gabonetan kaleratzea aurreikusten dute Sabotagekoek. PC-an Steam bidez eta Nintendo Switch kontsolan kaleratuko dute, baina iragartzeko plataforma gehiago dituzte.