Betiko iraungo zuen beldur nintzen

Urruneko altxorra urrez

Interneten nire lehenengo txiribueltak egiten hasi nintzenean, 2000. hamarkadaren hasieran, izan nuen Secret of Evermoren berri lehenengo aldiz. Izan ere, Super Nintendo-ren bizitzaren amaierako jokoa izanda, eta, nik Super Nintendo bat inoiz eduki gabe, zail neukan lehenago bere existentziaz ohartarazteko. Garai hartan irakurri nituen analisiek gauza ederrak baino ez zituzten esaten jokoaren inguruan, Super Nintendoren altxor ezkutuetariko bat zela zioten han eta hemen.

SquareSoft izan zen jokoaren garatzailea, Square japoniarraren Amerikar Estatu Batuetako enpresa subsidiarioa, hain zuzen ere. Titulu honek izen ezberdinak eduki ditu garatze prozesuan zehar, Secret of Evermore izendatzera iritsi arte. Square-ren Secret of Mana tituluaren antzekoa izatea marketing jokaldi bezala deskribatzen da gaur egun, baina ez dute elkarren arteko loturarik. Lan hau Ipar Amerikan eta Europan argitaratu zen soilik, 1996ean.

90. hamarkada hasierako bideojoko efektu famatuena, Mode 7

Jokoaren hasierak pelikulekin obsesionatuta bizi den mutil gazte bat eta bere txakurra aurkezten ditu. Txakurrak, katu baten atzetik ihes egingo du etxe misteriotsu baterantz, gaztea jarraika daukala. Bertan, makina batek, bi zientzialari lanean dauden laborategi futurista batetara teleportatuko du bikote protagonista. Zientzialari hauetako batek aldamenetik kenduko ditu, espazio-ontzi batetan zerutik behera, lur ezezagun batzuetara bidaliz. Bertan, txakurra, otso erraldoi bihurtuko da. Hau gutxi balitz, minutu gutxitan kobazuloen garaiko gizakien herrixka bat antzemango dute, beren liderra aro garaikideko neskatila betaurrekodun bat delarik.

Jokoari hasiera emateko era interesgarria iruditu zait. Istorioak misterio puntu asko ditu eta atal grafiko zaiduaz aurkezten du guztia. Nahiko kolore ilunak erabiltzen ditu toki gehienetan, eremu ezberdinei kutsu serio bat emanez. Istorioa absurdoa eta bromazalea da ordea. Pertsonaia nagusiak izaera markatua dauka, txantxazalea eta atsegin dituen pelikulen erreferentziak eginez une oro. Ongietorria da detaile hau, heroi ixilen munduan.

 

Etxeratu orduko lurrez

Agintea ezerezaren erdian hartuko da, mutila hezur batekin armaturik eta txakurra bere letaginekin. Select botoia sakatuz bata edo bestea kontrolatu daiteke, aukeratuta ez dagoena adimen artifizialak daramalarik. Ez dakit zenbat aldiz hil nauten hasiera honetan. Pertsonaiek ez daukate ia bizitzarik, kolpe pare batetan beraien puntu guztiak galtzen dituzte. Txakurra hutsean geratzen bada, lurrean siestan geratzen da mutilaren patua ajola ez zaiolarik.

Zailtasun mailarekin ez nuke arazorik izango nire etsaiak jotzeko aukera izango banu. Super Nintendoaren Basapiztiaren Burmuinak kalkulu kuantikoak egiten ariko da nonbait, arerioen kolisio detekzioa indeterminazio bat baita. Protagonistaren animazioarekin etsaiak ukitzea zaila bada, jipoitzen dituen askotan "MISS" eder batekin agurtu naute gainera, erasoa hasieratik berriro kargatu behar delarik. Erasoak kargatu behar direlako noski, bestela ez dute minik egiten.

Mutilaren eta txakurraren bizitzaren azpian % 100eraino betetzen den zenbaki kaxa bat dago, kilima baino zeozer gehiago egin nahi bada, guztiz betea egon behar duelarik. Arma ezberdinek hiru maila dituzte gainera, mailaz igota eta erasoaren botoia mantenduta, barra berri bat agertuko da % 100etik haratago bete daitekeena, honekin min gehiago egin daitekeelarik. Beste "MISS" polit bat jasotzen ez bada bederen.

Borroka sistema erraza da ulertzen. Arma ezberdinak daude, erabiltzearen poderioz mailaz igo daitezkeenak. Teknikoki ideia ona dirudi, baina jokoak arma berriak eta boteretsuagoak denbora gutxian ematen dizkio jokalariari eta ez dago arma horiek maila kaxkar bat ere igotzeko astirik. Ezpata, lantza eta aizkoraren artean, lantzak bakarrik erabili ditut eta ez naiz maila bakarra ere igotzeko gai izan, bi kasutan izan ezik.

Borrokaren bigarren alderdia alkimia sistemak eratzen du. Botere magiko ezberdinak lor daitezke jokoan zehar, pertsonaiak hamar bat ekipaturik eduki ditzazkeelarik. Magia batzuek erasotzeko balio dute, beste batzuek defentsarako eta azkenak toki zehatz batzuetako puzleak osatzeko. Azken hauek beti ekipatuta eduki ditut ezertarako balio izan ez didaten arren. Beharrezkoak balira, jokoak alkimista batekin hitz egitera itzultzera behartuko ninduen beldur nintzelako.

Txakurrak harrapakinik ez daukanean, inguruneak miatzen ditu lehengaien bila, eta hauek, magiak sortzeko balio dute. Armekin bezala, magia, erabiltzearen poderioz mailaz igotzen da. Hemen arazoa, hasierako lehengaien eskasia da, magia ezberdinek lehengai ezberdinak eskatzen dituzte eta zonalde batzuetan hauek lortzea ezinezkoa da. Eraso magien arteko ezberdintasuna ez dut ulertu gainera, ezberdintasunik baldin badago. Lehengaietan merkeena eta ugariena erabili dut une oro. Hasieran diru eskasiagatik, oso zaila da alkimia erabiltzea. Eraso magiak oso ahulak dira pare bat maila igo artean eta gehiengoak jokoaren amaieran aurkitzen dira, beraz, ez dago botere bakarra baino besterik mailaz igotzeko arrazoirik, ez astirik.

 

Menuak jokoaren akzioa geldiarazten du behar duguna hautatzen dugun bitartean

Txakurraren erasoak ere hiru maila dauzka. Armak bezala, txakurraren letaginak eraso eginez mailaz igotzen dira, arma ezberdinik ez duenez, maila gorenera instant batean igotzen da aurrean harrapatzen duena erraz suntsituz. Guzti honek, inoiz esperimentatu dudan zailtasun kurba arraroena eragiten du.

Bideojoko honek, zailtasun brutaletik, erraztasun zentzugabekora bidaiarazi nau. Hasieran, bizpahiru kolpetan akabatzen baninduten, jokoaren erdialdetik aurrera munstro geldiezin batean bihurtua nintzen. Jokoko bigarren munstro nagusiak buruhauste piloa sortu dizkit adibidez. Egiteko gai nintzen minarekin, 80 bat aldiz jo beharra neukala kalkulatu dut. Bi orduz arma mailaz igotzen igaro ondoren, 10 kolpetan gailendu dut. Jokoko azken nagusia ordea, seko kiskali dut, ikutu ere egin ez nauelarik, tokitik pixel erdi bat mugitu ez naizelarik.

Istorioak, garai ezberdinetan bikain girotutako eremuetara bidaltzen du heroi parea. Animazioa, aurkezpena eta grafikoak orokorrean bikainak dira, Super Nintendori bere fama ona ematen dion trikimailu guztiak erabiltzen ditu eta. SNESaren bizitzako azken urteko bideojokoa dela antzematen zaio. 

Arazoak eduki ditut neure burua jokoarekin aurrera egiteko motibatzerako orduan. Aurrera egin ahala, eremuen diseinu petralaren aurka borrokatzeak asko nazkatu nau eta. Mapa guztiak labirintuak dira. Tenpluak labirintuak dira, herriak labirintuak dira eta herrietatik tenpluetara joateko bideak ere, labirintuak dira. Ez dago logikarik hauen zehar nabigatzeko eta guztia gutxi balitz, bide askok, labirintuen hasierara bidaltzen dute behin eta berriro, jokoak nahi ez duen atea edo telegarraioa gurutzatzeagatik bakarrik.

 

Arau ezkutuak

Askotan ez naiz gai izan titulu honek zer eskatzen didan jakiteko. Behingoan, pertsonaia batek izen propioa daukan iraganbidera bideratu nau zerbaiten bila. Aurkitu dudanean lehendik bisitatua nuen toki bat dela baieztatu dut, baina nola jakin nezakeen non zegoen? Toki berrietara iristean ez dago izenen aipamenik, ez dago bide ertzeko seinalerik, beste inork ez du tokien izenik aipatzen.

Jokoak bere arauak une oro hausten ditu, gainera. Esaterako, bada harri mota jakin bat, lebitazio magiarekin bakarrik mugi daitekeena. Labirintu baten erdian dagoen eta sprite berdina daukan harri bakar bat ordea, ezin da horrela mugitu. Bultza egin behar da eta albo jakin bateruntz bakarrik. 

Gazteak eta txakurrak ezin dute saltorik egin, beraz, hautsitako zubien beste aldera igarotzeko, mapan zehar hauek inguratzeko bidea bilatu behar da. Zubi madarikatu bakar batean izan ezik, non txakurrak ertzetik beste aldera salto egin dezakeen.

Okerrena, ordea, erdi aroko merkatuarena da. Heriotzaren ostean zerbait badago, ziur merkatari maltzurrak infernu hontara datozela, haien pekatuak garbitzera. Lau moneta ezberdin daude jokoan eta trukatu egin behar dira eremu ezberdinetan erosteko. Baina, noski, jokoak arauak aldatzea du arau, eta toki hontan bakarrik, lehengaien beraien trukearen bidez eskuratzen dira lehengai berriak. Ezin dira aipatutako txanponak erabili. Lehengai horiek ordea, lortu egin behar dira lehendabizi eta hori gutxi balitz, saltzaile ezberdinek kopuru ezberdinak eskeintzen dituzte lehengai berdinetarako. Inork ez dadila zalantzarik eduki, merkatua ere labirintu malapartatu bat dela, saltzaile jakin batzuengana iristeko merkatutik alde egin eta beste toki batetik sartu behar delarik.

Merkatuaz paso egin nahi duenak jai dauka gainera. Hamabost minutuko kontadore ezkutu bat dago eta hau agortu arte istorioan ezin da aurrera egin. Jokoak zu, irakurle prestu hori, jakinarazi al zaitu detaile hontaz? Niri ere ez. Pastelari ginga jartzeko, produktu gehienek ez dute ezertarako balio eta balio dutenak zaharkituta geratzen dira handik ordu batera.

 

Argiak eta itzalak

Abenturari aurre egitea zaila egin bazait, bi aldiz jasan behar izan dut "softlock" egoeran geratu izana. Txakurra behar beharrezkoa den puntu batetan, pantailaz kanpoko zuhaitz baten erdira telegarraiatu da eta ezin mugitu geratu zait. Aurrerago, ziega batean irten ezinik geratu naiz botoi batzuk sakatu ondoren. Dirudienez akats oso arruntak dira eta irteera bakarra aurretik gordetako partida batera itzultzea da. Bi ordu neramatzan gorde gabe, ziegan harrapatuta geratu naizenean. Interneten akats zerrenda luzea aurkitu daiteke gainera. Askok jokoa era ezberdinetan hausten dutelarik.

Musikaren inguruan ez dut ezer aipatu, ez baitakit zer esan. Soinu banda musika atmosferikoaz osatuta dago orokorrean. Kalitate onekoa oro har, baina gehienetan melodiarik ez dago, soinua besterik ez da. Labirintutan harrapatuta nagoenean aspergarria egin zait behin eta berriro hurruneko animaliak entzutea edo atzealdeko itsasoen olatuen mugimenduaz jabetzea. Arma batzuen astintzearen soinuak hozkia ematen dit gainera. 

Grafikoki xehetasunez beteta dagoen jokoa da, ez dago esploratzeko edo aurkitzeko ezer ordea

Jokoaz gozatzen saiatu naiz, alderdi txarren gainetik begiratu nahi izan dut, baina orokorrean, dibertimendua aurkitzea zaila egin zait. Ideia bikain asko dauzka, baina testatu gabe argitaratu zela iruditzen zait. Jokalaria eskutik heltzen ez dituzten jokoak atsegin ditut, baina honek ez du pista ziztrinik ere ematen hurrengo pausua zein den jakiteko eta hori diseinu falta besterik ez da. Ingurunea logika gabeko labirintua izateak ere ez du bat ere laguntzen. Bekatu handiena ordea, akzio-RPG baten borroka sistema, barra batzuk kargatu bitartean itxoiten egotean oinarritzea da. Kriminala iruditzen zait. 

Abenturaren erdialdean bada une gozo bat, zailtasun maila, lehengaien kudeaketa eta armen erabilerak erronka polita bilakatzen direna, baina ez du gehiegi irauten. Erronka horrentzat boteretsuegia bilakatu naiz handik gutxira eta hasieran sentipen hori atsegina baldin bada ere, berehala uzten dio dibertigarria izateari.

Jokoaren azkeneko bostpasei orduak musikarik gabeko labirintuen irteera bilatzen igaro ditut, etsai guztiei ezikusiarena eginez beraien aurka borrokatzea den gogaikarriarengatik. Zonaldeko nagusiren batek, bere presentziarekin nire aurreratzea geldiarazi badu, errauts bihurtu dut segundutan. Joko hau goizegi atera dute labetik, ez dago kontsumitzeko moduan.