Bideojokoen zailtasunaren betiko leloa.
Berehalakotasuna eskatzen dute kontsumitzaileek. Aldiz, kontsumogarri hori probesteko enpresek haien produktuak geroz eta homogeneoak eskaintzen dituzte, publiko zabalagoa asebete nahirik ahalegin berarekin onarpen zabalagoaren bila. Aulki bakarrarekin ipurdi askori atsedena eman.
Sasoi batean, jolas bakarrarekin hilabete luzeak egin behar ziren; ume kontuak. Olentzero edo urtebetetzeko hari zukua ateratzea baino aukera gutxi geratzen zitzaizkion zale gazteari. Bestetik, produktua bera ere irauteko pentsatua zegoen, eta zailtasun aldetik erronka gogorra izan ohi zen bi dimentsioko dena delako generoko jokoa. Hori, edota lagunekin aldi baterako bideojokoa trukatzea zen bakoitzaren erosketa bakarrean kolpez hustutako zorroari etekina luzatzeko azken aukera.
Orain, aldiz, aisialdirako ere bapatekotasunarekin lotutako formulak dira arrakasta handiena lortzen dutenak: “Bideo motzak zinema hil zuen” erara garai bateko abestiaren bertsioa egin behar lukete, otoi. Baina haritik urrundu gabe. Bideojokoak eta haiek ekoizten dituzten etxeak garai berrietara moldatu baino ez dira egin. Alabaina, xedea garapen bakarrarekin aldizkako jokalariak eta muturrekoak hainbestean asetzea den arren, estrategiatzat bideojokoen zailtasuna demokratizatu eta guztiei aukerak ematea kimera da.
Zailtasun desberdinak aukeran ematen zaizkie jokalariei partida hasi berritan; edo, zuzen-zuzenean, erronka lauak, apalak eskaintzen. Merkatuan abagunea baliatu besterik ez du egin FromSoftware ekoiztetxeak, eta beste inork ematen ez zuen horrekin asebete dituzte muturrekoenak: zailtasun zital eta masokista, hain zuzen ere. Abere horien askak ere bete behar dira, ez al da? Jokamolde horrekin eta horri esker, katedra ezarri dute eta genero berri gisa katalogatzea ekarri: Demon’s like edo Dark Souls erako bideo jokoen gorakada etengabea izan da.
Era honetako galtzak ez direla mundu guztiarentzat
Ez da polemika gabe izan, baina. Bezeroak beti arrazoia duen heinean, hazi egiten da, eta, gutiziak eskatzen ditu. Olatuaren aparrean dauden produktuak kontsumitzera bideratzen gaitu inguruneak, kapitalismoaren amarru nagusia delako ikusten duguna behar izatea kosta ala kosta. Hura bezalako saltzailerik! Kontua da, eta bideojokoen esparrura ekarriz, era honetako galtzak ez direla mundu guztiarentzat. Miyazaki maisuari esker eskuragarri dauden erronkei buruz nabil.
Lamien kantuak erakartzea ulergarria den bestean, hala da denen ahotan dauden bideo joko entzutetsuak probatzea; eta, baztertuta uztea ere, aurreneko arerio nagusiarekin topo. Horra arte zuzen. Dibertsitatea ezinbesteko baldintza baita bizipen berriak probatzeko; batez ere, aisialdian. Zer dela eta kontrakoa eskatu? Txotxolotu al gara azkenean? Ez da zilegi, sareak borbor hastea zailtasun maila desberdinak eskatuz sortzaileei egiten ez dutenean.
Arrazoiak izango dituzte, nonbait. Hasteko, ez delako erraza jolasaren esperientzia mantentzea, programatu beharreko adimen artifizialarentzat errutina samurragoak diseinatzea eta sinesgarri gelditzea, eta abar amaigabea. Zertarako eta guztientzat eskuragarri egon dadin? Aide antzarrak perratzera! Bada, bilatzea baino ez daukate haien beharretara hobekien moldatzen den aukera! Bizitza lezioa ere bada honakoa: eta aurreko premisari helduz, saldu nahi digutenaren ohiartzun maltzurra, edo, ikusmena baino ez da.
Iragarkietako leloak sinestarazten dizkigute; eta gezur lodiak saltzen: ez, ahalegintzen den orok ez du edozein ortzimuga joko. Frustratzen ikastea ikasgai ederra den bezala, aspertzen jakitea ere bada; edo, ezer ez egiten egotea, beste hainbeste. Gazteok, ixo. Esan nahi da: FromSoftwareren bideojokoak ez dira jokalari guztientzat.
Ez da zilegi, sareak borbor hastea zailtasun maila desberdinak eskatuz sortzaileei egiten ez dutenean.
Denbora luzez trebatu beharko da hainbat eremutan: pazientzia izaten; teknikoki trebatzen; estrategiak garatzen; frustratzen; haserretzen; mantsotzen; bizi-bizi jarduten; koordinatzen… kasik bizitza filosia gisa hartu beharko du jokalariak, Miyamoto Musashi mitikoaren idazkietako jarraibideei ia-ia men eginez (informazio gehiagorako ikus sarean “Bost eraztunen liburua” idatzia). Are gehiago, Miyazakik aipatu desadostasunei ihes egin, senari eutsi eta aukera berriak aztertzeari ekin zion esperimentatu asmotan. Ondorioz, Sekiro: Shadows Die Twice da FromSoftware etxearen lanik desberdinena.
Birritan baino, makina bat bider hiltzea du patua itzalak
Sekiro, From Software etxearen akzio bideo jokoa da. Game Erauntsian Lander Unzuetak heldu zion 2020an.
Testuinguruan jartzeagatik: ohorea galdu duen samuraiaren mendeku bidaia da aitzakia. Besoa galduko du haren jauna defendatzeko ahaleginetan zereginean, traizioz, bakarrik uzten dutenean. Girotzea aldiz, XVI. mendearen amaierako alegiazko Japonia feudala, Sengoku garai bortitzaren azken egunetan.
Gatza eta piperra arerio nagusien kontrako borroka epikoak diren arren, inolaz ere ez da bat baten aurkako duelu jolas hutsa. Arerio (ustez) apalagoekin jositako lekutan ibili beharko da alde batetik bestera -tirriki tarraka- nekez, aurrera eta atzera.
Zinez: bizi egin behar sinesteko.
Esan bezala, jokalariei kontuak erraztu beharrean, Demon’s eta Souls jokoetan ematen dituzten laguntza txikienak ere kentzea izan zen hautua Sekiro sortzean: Esaterako, ez dago abagunerik eztarrian ez gora ez behera geratutako arerioa sarearen bidez lagunarekin kooperatiboki erasotuz menpean hartzeko. Bakarturiko dema, propio, biluzturiko bizipena eman jokalariari; eskarmentuzko bide ankerra osatu dezan; baina, aldi berean, noblea emango dio. Ez dago tranparik, ezta programazio akatsik zurituko duenik gaizki egindako defentsa edo erasoko aukera. Zinez: bizi egin behar sinesteko.
Jokalariari arnasgunerik eman ez, eta lorpena eskuratzekotan, meritu propioz egin duela jakinarazi; alderik egin gabe: hori da, Sekiroren eskaintza. Dirdira bakarreko harribitxi bakarra merkatuan. Eskola zaharra. Beste aldaketa nabariena, arerioari izkin egin eta erasotzeko ohiko unea aukeratzeko mekanikak baino, une egokian erasoa gelditu (parry egin) eta arerioaren bizitza barra baino erresistentzia barra apurtzea xede izatearena.
Ohiko rol ukituak ere baztertu zituzten, eta horietan kanona da pertsonaia hobetzeko mailak igo behar izatea, ekintza errepikakorren bidez esperientzia pilatuz. Etengabeko prozedura hori dute ardatza: farmeatzea. Sekiron ez dago maila igotzerik eta indartsuago egin ahala arerioak samurrago zapaltzerik. Trebezia hutsez egingo da edo ez da egingo. Kito. Hasieratik dugun katana berdina izango dugu jokoaren azkenean ere. Esperientzia puntuak xahutuko dira Sekirorentzat ahalmen berriak askatzen eta erabilgarri jartzen. Arerio nagusi bakoitzarten ostean indarra puntu bat igongo da, baina beti gailendu ostetik, ez aurretik samurrago kolpe ahal izateko hari. Lasterbiderik ez. Plazaratu zutenetik, ordea, hiru urteren ostean, zabal du ospea: ez dago murgiltze hobeagodun ezpata burrukadun bideo jokorik.
Dirdira bakarreko harribitxi bakarra merkatuan
Laburbilduz: sortzen dituen emozio sorta zabala da, eta erabat da xarmagarria. Jokalariarekin oso zorrotza denez, bakoitzak kalbario propioa biziko du; etengabe astinduko zaitu, hainbatetan umiliatuko. Baina arerio nagusi bakoitzarekin hasierako ustea, sekula gaindituko ez den mugarriarekin topo egin izanarena, gainditzeak ematen duen gorakada sineskaitza da.
Aisialdi era honetara gerturatzen garenak bizipen gisa egiten dugu maiz, eta honek barneak astintzen ditu. Erabat harrapatu arte egin ere, trabak gainditzeko hautua burugogor onartu, eta, ekinaren ekinez ezina lortzean, sentiarazten duen gorakada eta zoriontasunaren menpekotzan, alegia. Apoteosia. Droga masokista madarikatua bihurtzen da: haserre, auzolotsa, amorru, atsekabe eta zoriontasun iturri etengabea bihurtzeraino.
Erraiak astintzen ditu, gutxik egin dezaketen eran. Hartu dut erronka Hidetaka, eta onik atera naiz. Eutsi horri! Ez da titulu hau beste bat hainbaten artean. Noizean behin agertu eta baitan iltzaturik geratzen direnetarikoa baizik. Baina ez du norberak aukeratzen, jolasak berak norbera baino; norbera da moldatu behar dena eskaintzen duenera. Ez alderantziz. Gazteok, ixo eta git gud!
Iruzkinak