Superkami estudio poloniarra prestatzen ari da proiektua. Bakarka zein lagun batekin jokatu ahalko da.

Mundu irekiak eta biziraupena batzen dituzten jokoek sekulako arrakasta izaten jarraitzen dute: Minecraft, ARK, Rust eta antzekoek jokalari kopuru erraldoiak dituzte gaur egun, jokorik jokatuenetakoak izateraino. Horiekin antzekotasun handiak edukiko dituen Sengoku Dynasty iragarri berri dute; joko mota hauetarako girotze berezia izango du: Erdi Aro japoniarrean oinarrituta egongo da.

Japonian girotuta egongo den arren, proiektua Poloniatik dator: Superkami garatzailea da Sengoku Dynastyren arduraduna. Abentura nekazaria izanik hasiko dute jokalariek: hauen esku egongo da beren herria hobetzea eta honek hedatzen jarraitzeko baliabideak lortzea. Hori egiteko, nola ez, erasoengandik babestu beharko dute baita.

Nekazari gisa hasita monje, gerrari eta bestelako ogibideak hartu ahalko dituzte jokalariek; herrixka hazten doan heinean gauza bera egingo dute sortutako pertsonaiek.

Hori bai, mundu irekiko biziraupen abenturak multijokalari obrekin lotu ohi dira; ez da Sengoku Dynastyren kasua izango. Superkamikoek aurreratu dutenez bakarka jokatzeko lana izango da, baina adiskide batekin kooperatiboan jokatzeko aukera egongo da baita.

Kanpaina joko mota edukiko du abenturak, bere istorioarekin; hala ere, sandbox eran gozatu ahalko da, aukera desberdinak libreki esploratzeko aukerarekin. Izan ere, ogibideak aukeratzerakoan pertsonaia nagusiak aurrean edukiko dituen aukerak askotarikoak izango dira, abilezi zuhaitz propioekin.

2022rako prest edukitzeko asmoa agertu dute poloniarrek; momentuz PC-rako bakarrik baieztatu dute.