Ninja Theory-ko arduradunek The Game Awards sarietan erakutsi dute akziozko jokoaren jarraipenaren azken trailerra.

Bi urte igaro dira Ninja Theory estudioak Hellblade: Senua’s Sacrifice bikainaren jarraipena iragarri zuenetik. Ordutik hona zaleek berri gutxi jaso dituzte Senua’s Saga: Hellblade II-ri buruz, baina azkenik lehen jostagarritasun bideoa ikusteko aukera daukate.

Atal grafiko eta tekniko ikusgarriarekin aurkeztu dute akziozko bideo-jokoaren gameplaya The Game Awards ekitaldian: zinematika dirudi baina ez, jostagarritasun hutsa da erakusten dutena. Bertan Senua azaltzen da titan erraldoi baten aurka egiten hondartza batean; argiztapenak, modeloek eta beste ezaugarriek sekulako kalitatea daukatela begi-bistakoa da.

Zoritxarrez, garatzaileek ez dute argitaratze datarik zehaztu oraindik. Plataformak baieztatuta dituzte, hori bai: Xbox Series kontsoletan nahiz PC-an kaleratuko dute Senua’s Saga: Hellblade II.