Flying Wild Hog garatzaileak eta Devolver Digital banatzaileak tiro jokoaren trailerrarekin batera iragarri dute argitaratze data.

Tiro joko klasikoen itzulerarekin jarraitzen du bideo-jokoen munduak. Gaur egun horrenbeste indar duten Wolfenstein eta Doom sagekin batera, Shadow Warrior izan da, zalantzarik gabe, indar gehien berreskuratu duen frankizia. Hirugarren atalean dabiltza lanean aspalditik, eta azkenik zehaztu dute kaleratze data: martxoaren 1ean estreinatuko da Shadow Warrior 3.

Lo Wang hiltzailea 90eko hamarkadako shooter-en kutsua duen abenturarekin itzuliko da: tiroketak. mugimendu bizia eta abilezia bereziak batuko ditu hirugarren jokoak. Indie estudio batek egindako lana izateko sekulako atal grafikoa duela nabarmendu beharra dago. Inoiz baino itxura hobea dauka asasinoak.

Mekanika berriekin bueltatuko da. Doom Eternal-en eraginez tiro jokoetan horren modan dagoen gantxoa izango du Wangek, baita hormetatik lasterka egiteko aukera ere. Nola ez, horiek guztiak armategi zoroarekin eta akatzeko munstro zein deabru sorta beldurgarriarekin bilduko ditu abenturak.

Hori horrela, Shadow Warrior 2-n ikusitako oinarri berezi eta bitxiak alboratu egingo ditu hirugarrenak: ahaztu prozeduralki sortutako kokalekuak eta multijokalarira bideratutako obra. Modu batean, 2013an kaleratutako Shadow Warriorren berrabiaraztearen antz gehiago izango du martxoaren 1ean Devolver Digitalek merkaturatuko duen jokoak.

Shadow Warrior 3 PlayStation 4, Xbox One eta PC plataformetan jokatu ahalko da; azken honetan, Steam nahiz Epic Games Store saltokien bitartez eskuratu daiteke. Jokoa kontsoletan erosten dutenek aurreko biak eramango dituzte dohainik.