Joko hau Shantaeren sagaren laugarrena da. Windows, PS4, Vita, One eta Wii U-rako dago eskuragarri; analizatutako bertsioa PS4koa da. Kickstarter bidez finantziatu zen, ia milioi bat dolar eskuratuz, baina merezi izan ote zuen dirua aurretik jartzeak? Nahiz eta 4 joko desberdin egon, hau eta hirugarrena bakarrik jolastu ditut. Hirugarrena kriston jokoa da, eta sagako onena kontsideratzen da. Jarraituko du hirugarrenak izaten, hala laugarrenak garaitu ote du?
Joko hauetako protagonista Shantae erdi-jeinua da, eta Risky Boots pirata maltzurrari aurre egin behar dio, bere herrialdea konkistatu ez dezan. Shantae dantza bidez animali desberdinetan bilakatzen da, eta animali bakoitzak bere gaitasunak ditu, egoera desberdinei aurre egiteko.
Joko hauek Metroidvania estiloa jarraitzen dute: Shantae oso neska ahula da hasieran, jokoan aurrera doala pixkanaka indartzen doa, eta gaitasun desberdinak lortzen ditu. Honek aukera ematen dio jokoaren hasierako pantailetan egin ezin zituen gauzak egiteko, bide berriak irekiz sekretu berriak antzemateko. Bigarren jokoan (edo hirugarrenaren hasieran, ez dut gogoratzen orain) bere botere guztiak galtzen zituen, eta ezingo zen edozein animalitan bihurtu, beraz tresna eta arma desberdinak lortuz aurrera egiten zuen. Oraingoan berriz, bere animali-gaitasunak pixkanaka berreskuratzen ditu. Momentuaren arabera bata edo bestea erabili beharra dago, egokiena zein den asmatu arte. Aurretik ezinezkoa zitzaigun leku batean sartu ahal izateak sortzen digun zirrarak Metroidvania on baten aurrean gaudela argi uzten du.
Grafikoen aldetik, aurreko jokoek pixel-art estiloa jarraitzen zuten; honek marrazki bizidun itxura dauka, HD grafikoak eta cell-shading erabiliz. Pertsonaiak 2D grafiko dinamikoak erabiliz sortu dira. Onartu behar da estilo-aldaketa hau oso ondo etorri zaiola. Nahiz eta joko amerikarra izan, manga estiloa erabilita diseinatu dira pertsonaiak. Zoritxarrez, produktu japoniar askotan gertatzen den bezala, agertzen diren nesken itxura oso sexista da.
Soinu-bandak aurrekoen estiloa jarraitzen du, arabiar musika elektronikoan inspiratuta. Remix onak ditu, eta abestiak itsaskorrak dira beste behin. Hirugarreneko abestiak gehiago gustatu zitzaizkidan oraingokoak baino, baina hori gustu-kontua da, baliteke zuek kontrakoa nahiago izatea.
Jokoaren edukia asko gutxitu da, hirugarrenarekin konparatzen badugu. Aurrekoan ziega gehiago genituen esploratzeko, sekretu gehiago bilatzeko, ziegak askoz ere handiagoak ziren,... Horrez gain diseinu aldetik arazo dexente topatu ditut: elementu batzuk bilatzea oso konplexua zen, eta beste batzuk oso errazak. Adibide bezala, istorioan aurrera egiteko beharrezkoak nituen tresna asko topatzeko pazientzia handia behar izan dut, baina jokoa nahiko aurretatu neukanean beharrezkoak nituen tresna batzuk hasieran lortu ditut. Errazagoa izan da lortzea momentu horretan beharrezkoa ez nuena, une horretan behar nuena baino, eta normalean kontrakoa izaten da Metroidvania jokoetan.
Nire kasuan, jokoa gaztelaniaz jolastu dut. Kuriosoa iruditu zait jokoak jerga mexikarra edukitzea, ez baitut inoiz dialekto latinoan jolastu, beti gaztelania estandarra duten jokoetara baizik. Dena den, ez dakit nolakoa izango den frantsesaren kasua, baina gaztelaniazko lokalizazioa behintzat sekulako nahaste-borrastea da. Kasu batzuetan esaldiaren erdia ingelesez dago, beste batzuetan hitzak banandu gabe daude, pertsonaien generoa ez da kontutan hartu eta neskei mutil bezala egiten zaie erreferentzia, baita alderantziz ere:
Argi dagoena da gaztelaniazko lokalizazioan ez dela inongo berrikuspenik ezta kalitate-kontrolik egin. Sagaren umorea oso absurdua da, baina itzulpen txar honekin umore hau galdu dela esango nuke. Ez dakit zer esango zuten gaztelaniazko medioetan jokoa analizatzean, baina ziur nago bat baino gehiagori ez diola inongo graziarik egin. Jakin nahiko nuke baita nola gelditu ote diren beste hizkuntzetako lokalizazioak, espero gaztelaniarena kasu puntual bat izatea. Game Erauntsian badakigu jokoak itzultzea gogorra dela, baina badakigu ere kontu handiz ibili behar dugula lan txukun bat egiteko.
Itzulpenaren anekdota alde batera utzita, eta diseinu eta edukian arreta jartzen badugu, esango nuke joko honek ez duela lortu aurrekoa baino hobea izatea. Ondo pasa dut jokoarekin, baina ez aurrekoarekin bezain beste. Honek dituen diseinu-akatsak eta eduki-falta dira honen errudunak. Hala ere jokoak pena merezi du, eta aurretik Shantaeren beste jokoren batera jolastu baduzue, hau ezin duzue jolastu gabe utzi. Kickstarterren parte hartu zutenak ere lasai gelditu daitezke, ez dute dirua zakarretara bota, eta etorkizuneko DLCak muxutruk jasoko dituzte. Lehenengo bi jokoetaz ezin dut ezer esan, baina inoiz ez baduzue Shantaeren joko bakar batera jolastu, hasi honekin, eta ondoren hirugarrenera pasa.
Iruzkinak (2)
Xabier Calvo 2017ko ots. 27a, 23:44
Nik Shantae and the Pirate's Curse jokatu nuen 3DSan eta egia esan jokoak asko erakartzen zidan baina jokatu nuenean dexente aspertu eta utzi egin nuen.... Egunen baten bigarren aukera bat emango diot, edo agian berri honetatik hasiko naiz. Agian hobe ez?
Ander Intxaurrondo 2017ko mar. 1a, 14:32
Galdera ona. Aurrekoak aspertu bazintuen, honek igual gehio. Kuriositate handia baduzu, aurrera. Aurrekoa duzunez, saiatu zuzenean horrekin berriro eta gero hona pasa gustoko izan baduzu, agian onena, eta aurrezten duzu beste joku baterako.