Udako oporren egunerokotasuna bizitzeaz gain, misterio ilun bat argitzeari ekingo diogu. PlayStation 4-ra eta Switch-era iritsiko da.

Euskal Herrian bere garaian horrenbeste polemika eragin zituen Shin-chan bueltan da. Bere azken bideojokoa, Me and the Professor on Summer Vacation – The Endless Seven-Day Journey —bai, hori da izenburu osoa—, Japoniatik kanpo argitaratuko dutela baieztatu dute Neos Corporation argitaletxekoek.

2021eko otsailaren hasieran ezagutu genuen titulu interesgarri hau. Ezkutatuta ibili zen, hori bai; izan ere, Nintendo Direct japoniarrean soilik agertu zen. Zergatia argia izan zen: hasiera batean asmoa Japoniatik kanpo kaleratu gabe uztea zen. Hala eta guztiz ere, zaleen arreta erakartzea lortu zuen, eta azkenik jasoko dugula dirudi.

Iaz Japonian kaleratu zenean, Nintendo Switch kontsolan egin zuen bakarrik. Europara Nintendoren kontsola hibridoaren zein PlayStation 4aren bidez iritsiko da: soilik digitalki estreinatuko dela azpimarratu beharra dago —iritziz aldatzen ez badute, behintzat—.

Shinnosuke Nohara bihurriaren eta azkarraren bideojokoetan plataformak nagusi izan diren arren, , Me and the Professor on Summer Vacationek beste zerbait proposatuko du. Shin-chanek zientzialari misteriotsu batek sortutako kamera berezia jasoko du bere udako oporraldian. Hori eskuan hartuta, Assou herrixkako animalien eta paisaien argazkiak ateratzeari ekingo dio haurrak.

Atal estetiko ederra nabarmentzekoa da: estilo koloretsuarekin haur japoniarraren animea gogora ekarriko du. Eguneroko bizitzaz gozatzea izango da beraz helburuetako bat: jardueretan parte hartu, herriko bizilagunak ezagutu eta askoz gehiago egiten ariko gara.

Gauetan guztia aldatuko da, ordea. Munstroak azalduko dira kaleetatik, eta horien misterioa argitzeari ekingo diote Shin-chanek eta bere lagunek. Proposamena ezaguna bazaizue, Boku no Natsuyasumi saga ezagutzen duzuelako da: bideojoko honen arduraduna izan zen, hain zuzen ere, Me and the Professor on Summer Vacation prestatu duen Millenium Kitchen estudioa.

Shin-chan: Me and the Professor on Summer Vacation – The Endless Seven-Day Journey abuztuan estreinatuko da Switchean eta PS4an.