Hego Koreako bideojokoen adinkako sailkapen zerbitzuan agertu da Vengeance azpitituluarekin.

Shin Megami Tensei Vek behin betiko bertsioa jasoko luke. Hobekuntzak eta berrikuntzak ekarriko lituzkeen Shin Megami Tensei V: Vengeance edizioa filtratu da sarean.

Hego Koreako Bideojokoen Sailkapen eta Kudeaketa batzordearen webgunean azaldu dela jakinarazi du Gematsu webguneak; hori horrela, informazioa egiazkotzat jo dezakegu. Eguneratutako bertsioa jasotzeko aukera aldez aurretik ere azaldu izan da insider ezagunen eskutik.

Une honetan sailkapena ezabatu badute ere, Atlus estudioak eta Sega argitaletxeak 2021. urtean Switch kontsolan estreinatutako JRPGari eduki guztiz berriak gehituko dizkiola irakurri ahal izan dugu.

Beraz, Vengeancek espantsio gisa jokatuko duela pentsa dezakegu, Atlusen Shin Megami Tensei edo Persona sagako hainbat bideojokorekin gertatu modura: Persona 5 Royal edo Shin Megami Tensei IV: Apocalypse dira berrienak, adibidez.

Argitaratze datarekin batera SMTV: Vengeancen plataformak dira zalantzarik handiena une honetan. JRPGaren bertsio originalak errendimendu arazo nabarmenak zituen Switchean, beraz zaleek PlayStation, Xbox edo PC plataformetan ikusteko itxaropena dute jokoaren atal teknikoa hobetuta ikusteko.

Atlusek orain gutxi merkaturatu du Persona 3 Reload, sekulako arrakasta lortuta: gaur egun Shin Megami Tensei izena galdu badu ere, honen azpisaga zela gogoratu beharra dago. Horregatik, ez litzateke harritzekoa izango frankizia originalari bultzada eman nahi izatea.

P3R ez da Atlusen 2024ko joko bakarra izango: Vanillaware taldearekin Unicorn Overlord kaleratuko dute martxoan, eta udazkenean Metaphor: ReFantazio argitaratzea aurreikusten dute.