Shooterren berpizkundea - Doom Eternal

Lander Unzueta | 2020/04/04 10:00 Analisiak



Shooterren klasikoa inoiz baino odoltsuago eta biziago itzuli da. id Softwaren intentsitate handiko tiroketa biolentoek FPSak biziberritu dituzte; Doom Eternal generoko errege berrian bilakatu da.

Frenetikoa. Doom Eternal hitz bakarra erabilita laburtu beharko balitz, frenetikoa dela esango nuke. id Softwarek sortutako azken shooterraren tiroketek ez dute atsedenik hartzeko unerik ematen; deabruak akatzen hasita, ez zara azkena birrindu arte geldituko.

2016an argitaratutako DOOMengatik berbera esan daiteke. Hala ere Eternalek orain lau urte ikusitako guztia maila berri batera eramaten du. Borroka bakoitza hil ala bizikoa da eta jokalariari daukan guztia ematea eskatzen dio.

 

Frenetikotasun hori jokoak eskainitako mugikortasunetik hasten da. Esan bezala jokalariak ez du atsedenik hartuko, ez baitu geldirik egoteko aukerarik izango; eszenarioetatik lasterka eta jauzika aritu beharko da. Garatzaileek mugikortasun hori bultzatzeko hainbat mekanika ezarri dituzte, baina garrantzitsuenak bideojokoaren hasieratik eskuragarri izango ditugun jauzi bikoitza eta dasha izango dira.

Tiroketetarako eszenarioak erraldoiak dira Eternalen. Oraingoan horiei bertikaltasuna emateko lan egin dute sortzaileek, eta eszenario gehienek hainbat solairu dituzte. Hondarretatik mugitzeko tresna desberdinak daude: ezagunak diren portal eta jauzi egiteko plataformekin batera, katapultatuta jaurtitzeko zutabeak izango ditugu, besteak beste.

Horiek erabili ezean Eternalek laster batean erakutsiko dizu benetako infernua zer den. Deabruen etengabeko hordek ez dute errukirik izango zurekin: geldi geratuz gero, hil egingo zaituzte.

Armei etekina atera

Mugitzen ibilita, baina, ez duzu etsaiei aurre egiterik izango. Hor azaltzen da Eternalen bigarren izarra: Doom Slayerrak lortuko duen armategi zabala. 2016ko DOOMen gertatu bezala, arma gehienek desblokeatuz joango garen bi modifikazio dituzte. Ezusteko handirik eman gabe, arma bakoitzak bere funtzioa izango du, eta etsai motaren arabera armak txandakatzen joan beharko gara. Energia ezkutuak erabiltzen dituztenei aurre egiteko plasma erriflea erabiltzea da gomendagarriena, horiek eztanda batekin erraz batean suntsitzen ditu-eta; beste batzuek suntsitu daitezkeen armak dituzte: metrailetaren mira erabilita zehaztasunez erabilezin bihurtuko ditugu.

Oraingoan baina, muniziorik gabe geratzea ohikoa izango da. Arazo horrek armak behin eta berriz aldatzera eramango gaitu. Balak bukatuta, motozerra eskuetan hartu beharko da: erabilpen murriztua du, baina deabru bat hiltzerakoan munizio mordoa emango digu. Ez hori bakarrik, glory kill izeneko erasoak ere bueltan dira berriz. Etsai bat hil aurretik exekutatzeko aukera edukiko dugu: hori eginda bizia berreskuratuko du gure protagonistak. Su-jaurtigailuarekin deabruei su emango diegu, eta sutan dauden bitartean erasota armadura botako dute.

Aipatutako tresnekin akatu behar ditugun demonio guztiak baliabideak lortzeko medio batean bihurtuko dira. Eternaleko tiroketak gestionatu beharreko ziklo bat bezala igarotzen dira: gogaigarriak egin gabe, eskura dituen tresna guztiei etekina ateratzera derrigortzen diote jokalariari, bakoitzak bere funtzioa betetzeaz gain denak erabilgarriak baitira. Guzti hori atsedenik hartzeko denborarik hartu gabe egitea eskatzen du jokoak; zailtasun maila altuenetan bizitza, armadura eta munizioa modu eragonkirrean gestionatzen jakitea ezinbestekoa izango da.

Devil May Cry edo Bayonetta bezalako hack and slashekin antzekotasunak ditu Eternalek. Erronkaren arabera 'juggling'-a egiten ibili edo armak aldatzen joan beharrarekin batera jokoaren mailak banatzeko sistema dugu: borrokan aritzeko sekzioak esplorazio eta plataforma sinpleen guneen bitartez lotzen dira. Puzzleren bat edo beste ere aurkituko dugu noizean behin; gure borrokak puntuatzeko sistema falta zaio aipatutako jokoekin dituen antzekotasunak are agerikoagoak izateko.

Freskotasuna dakarren klasikoa

Aurreko DOOM bukatu zen unean hasi gabe, istorioa zehaztu gabeko denbora tarte baten ondoren hasten da. Deabruek lur planeta inbaditu dute. Doom Slayerraren helburua, nola ez, infernuko indarrak gelditzea izango da. Horretarako hiru hell priestak hil beharko ditu. Eternalen trailerrengatik narrazioak garrantzia handiagoa hartuko zutela pentsa zitekeen arren, ez da horrela: 2016ko jokoaren antzera, argumentuak bere pisua dauka, baina id Softwarek gameplaya beti aurretik jartzen du.

Zinematika eta pertsonaia gehiago daude, bai, baina ez diote kalterik egiten akzioak duen erritmoari. Argumentuaren inguruko xehetasun gehiago ezagutu nahi izanez gero, mapetatik sakabanatutako dokumentuak aurkitu beharko ditu jokalariak.

Istorioak jokoaren erritmoan gutxi eragiten duela esanda, beste elementu batzuek bai kaltetzen dutela esan behar da. Mapetan gure armak eta armadura hobetzeko objektuak, cheat code klasikoak aktibatzeko disketeak, pertsonaien 3D modeloak desblokeatuko dituzten jostailuak eta beste hainbat sekretu daude. Horiek bilatzea oso dibertigarria egiten den arren, batzuetan jokoa erabat geldiaraziko dute. Gainera ezin da esan aukerako bilatzekoak direnik, zailtasun maila altuetan jokatzerakoan elementu horietako batzuek asko lagunduko baitigute: nabarmentzekoak dira Slayer Gate izeneko erronka gogor eta zirraragarriak.

Eternal ez da soilik berbera, baina hobea. id Softwaren obrak ez du beldurrik erakusten norabide berri bat hartzerako orduan. Bideojokoa askoz ere koloretsuagoa da, eta umore zertzelada asko ditu han-hemenka: deabru batzuk modurik biolentoenean hiltzerakoan entzuten diren soinuak, adibidez, edota protagonistak bere espaziontzian duen 'Ripatorium' izeneko kartzela/entrenamendu gunea dira horren erakusgarri. Eszenarioetan dauden tranpak eta ateak botoi koloretsu erraldoiei tiro eginez aktibatzen dira suzko bolak eta aizkorak jaurtiz, eta sakabanatutako sekretuek galdera ikur flotagarrien itxura hartzen dute.

Guzti horrek gainerako girotzearekin talka egingo duela pentsa daiteke. Aipatutakoekin batera gizadia guztiz suntsitu nahi duten demonioekin betetako haragiz eta odolez jositako ingurugiroak ditu bideojokoak. Eternalen atal estetikoa nahaste-borraste batean bihurtu beharrean, elementu horiek arkade kutsua ematen diote. Doom Eternal bideojoko bat da azken finean, eta ez dauka hori ozen aldarrikatzeko beldurrik.

Ikus-entzunezko atalean lan aparta egin dute. 2016ko bideojokoan lortutako atal estetikoa jarraituta, diseinu ikaragarriak sortu dituzte bai deabru eta ingurugiroetan. Doomen unibertso dekadente eta bortitzak liluratuta utziko zaitu; beldurgarria zein ederra izan daiteke. Mick Gordon izan da berriz soinu banda sortzearen arduraduna. Heavy metala da nagusi Doomen abestien artean, eta bertako sarraskian guztiz murgiltzeko gakoa izango da.

Modu horretara azken hamarkadako shooterrek alde batera utzi duten kutsu hori berreskuratzen du Eternalek, generoak behar zuen freskotasuna lortuta, AAA jokoen aldetik gutxienez. id Softwarek FPSak hasi zitueneko elementu asko berreskuratzen ditu Doom honek, eta aldi berean gaur egungo shooterrentzat ezinbestekoak diren beste hainbat osagairekin bat egiten ditu.

Doom Eternal bideojoko bikaina da. Tiroketa bizi eta frenetikoek jokalaria guztiz harrapatzea lortzen dute; behin eta berriz hilko zara, baina partida berriz kargatu eta sarraskietan murgiltzeko gogoa izango duzu. id Softwarek shooterren erreferente berria sortu du.

Game Erauntsia facebook


Iruzkinak

Mesedez, sartu iruzkina utzi ahal izateko.

177
Kide

3
Jolasten

35
Online

Azken erantzunak

Iker Ibarguren May 22, 2020, 2:16 p.m.

Puuuuuuufffffa! zenbat gozatu (eta sufritu!!) nuen joko honekin.... Artikulu bikaina Lander!!
Lordraneko erreinutik galduta - Dark Souls gogora…

Lander Unzueta April 25, 2020, 2:21 p.m.

Ez dute preziorik aipatu, beraz ez dut uste doakoa izango denik jatorrizko jokoa free to play bezala kaleratu zuten arren...
Trackmania berria uztailaren 1ean argitaratuko du…

Erredakzioa April 4, 2020, 8:33 p.m.

Kaixo, zaila da plataforma guztientzat zerbait egitea. Txapelketa hau egiteko play station proposatu genuen, ustez FIFA20 salmenta gehiena plataforma…
Game Erauntsiak eta Gu ere Baik FIFA20 Euskal Lig…