1993an argitaratu zen lehenengo Doomek shooterren eta bideojokoen panorama guztiz eraldatu zuen. Bi hamarkada igarota id Softwarekoek beraien FPSa berritasunekin, baina arima klasikoa mantenduta berpiztu dute.
Martxo bukaeran Bethesdak eta id Softwarek DOOM Eternal argitaratuko dute. Eternal 2016an argitaratutako DOOMen jarraipena izango da. Azpititulurik ez izateak argi uzten duenez, orain lau urte jaiotako joko hori jatorrizko Doomen hasiera berri modura hartu daiteke.
Hasiera berria bai, baina iraganera begira egindakoa da. Gure protagonistak 1993ko Doom hartako Marinearekin harreman benetan estua dauka; proiektua Doom 4 izenarekin jaio zen, eta honek aurrera egin ahala zenbakia kentzea erabaki zuten arren, jarraipen zuzen bezala hartu daiteke.
Shooterren saga klasiko hau beti akzio eta sarraski etengabeengatik ezaguna bada ere (Doom 3 alde batera utzita, noski), oraingoan narrazioak garrantzi handia hartzen du; beste pertsonaia batzuekin izango ditugun hizketaldiek eta bisitatuko ditugun lekuetan aurkituko ditugun audio artxiboek azalduko digute Marten gizadiak ezarritako baseak jasaten ari den deabru eta munstroen erasoaren jatorria.
Doom beti izan da intentsitate eta abiadura handiko tiroen jokoa, eta narrazioak nolako pisua hartuko duen ikusteak akzio horren kalterako izango dela pentsatu dezakegu. Zorionez ez da hala gertatzen DOOMekin: munstroen erasoaren atzeko misterioa era ezin hobean azaltzen da bideojokoan zehar, eta beste pertsonaiek Marineak edukiko dituen helburuei esangura emango diete. Gainera, misterioa argitzeko informazio gehiago nahi duenak hainbat sekretu aurkitu ahalko ditu; hautazko zeregin bat da, eta akzioa bilatzen duenak horiek alde batera uzteko aukera edukiko du.
Etengabeko sarraskia
Hori esanda, DOOMek eskaintzen duen akzioa paregabea da. Uneoro mugitzen egotea ezinbestekoa izango da munstroen hordei aurre egiteko; hala ere eskura izango dugun armategiak lanak erraztuko dizkigu. Ohiko pistola eta metrailetetatik hasita, Doomen ikurrak diren Super Shotguna, Plasma Riflea edota BFG9000a eskuratuko ditugu istorioak aurrera egin ahala.
Berritasunek ere bere lekua dute DOOMen: etsaiak hiltzeko zorian daudela Glory Kill izeneko exekuzioak gauzatu ahalko ditugu. Horiek munizioa aurrezteaz gain bizia berreskuratzeko bidea dira, sarraski etengabe horretan bizirik mantentzeko baliagarriak izanik.
Mapen diseinua oso faktore garrantzitsua da jokoarentzat. DOOMen une interesgarrienak arena estiloko mapa itxietan gertatzen da; horietan bide, lasterbide edota jauzi erraldoiak egiteko elementuak aurkituko ditugu, mapak labirinto bezalako eszenarioetan bihurtuz.
Akzioak freskotasuna izan dadin, jokoak etengabe erronka berriak jarriko dizkigu aurrean. Fase bakoitzak hiru erronka propio izango ditu: etsaiak glory kill zehatz batekin hiltzea, eszenarioetako baliabideak erabiltzea munstroak hiltzeko, elementu desberdinak aurkitzea faseetan... Jokoan zehar hainbat motatako erronkak ikusiko ditugu. Horiek eginda gure armak hobetzen joateko puntuak lortuko ditugu.
Sekretuz betetako mapak
Armak ez dira izango hobetzeko edukiko ditugun elementu bakarrak. Esplorazioa beti izan da id Softwareren shooterreko ardatzetako bat, eta DOOMen eszenarioek sekretu asko gordetzen dituzte. Marinearen armadura hobetzeko tokenak, gure armategira aldaketak ekarriko dituzten tresnak, ahalmen ezberdinak emango dizkiguten errunak edota jatorrizko Doomeko mapak aurkitzeko aukera izango dugu, betiere eszenarioak ondo arakatzea erabakiz gero.
Akzioa eta esplorazioa nahastuta DOOMek jokalaria ez gogaitzea lortzen du. Horiei plataformaz betetako atalak gehitu behar zaizkio. Gutxitan ikusiko ditugun arren, abentura hasieratik lortuko dugun jauzi bikoitzak plataformen atal interesgarriak sortzeko balioko du.
Grafikoki DOOM bideojoko bikaina da. Orain ia lau urte argitaratu zen arren id Softwaren obra bikaina da atal honetan. Eszenario desberdinak elementuz beteta daude, eta aurkituko ditugun munstroak xehetasun guztiekin modelatuta daude. Laborategi edota baseetatik ari garela argiztapena apartekoa da, eta infernutik etorritako erasoaren ondorioak agerian jartzeko balioko du.
Mick Gordonek sortutako soinu banda ere aipatzekoa da. DOOMen aurrekariak ahaztu gabe, Gordonek Heavy Metalean oinarritutako doinu gogorrez osatutako abestiak sortu ditu; jokalariak gauzatuko dituen sarraskien lagungarri ezin hobeak izango dira.
Singleplayerrarekin batera, online bidezko multiplayerra eta Snapmap izeneko mapa sortzailea ere gehitu dizkio id Softwarek DOOMi. Bi atal gehigarri horiek itzelak izan arren, jokalari bakarrarentzako kanpaina izugarriaren itzalpean geratzen dira.
DOOM azken urteetako FPSrik borobilena da. Jokoak irauten dituen 12 orduetan atsedenik gabe deabruak hiltzen ariko da jokalaria, eta funtsean beti berbera egiten ariko den arren, DOOMek eskaintzen dituen baliabideekin gogaitu gabe ibiliko da Jokalari bakarrarentzako kanpaina on batekin gozatu nahi duenarentzako ezinbesteko obra da id Softwarena.
Iruzkinak