Borrokalarien mugimendu sorta osatzen joango gara borroketan lortutako abileziekin. Red Moon Workshop indie taldeak Kickstarter kanpaina abiaraziko du finantzatzeko.

Shot One Fighters aurkeztu du Red Moon Workshop indie estudioak. 2.5D borroka jokoak berezitasun handia dakar: roguelike mekanikak gehituko ditu dueluetan.

Borrokalari sorta zabala izango dugu aukeratzeko, bakoitza bere estatistikekin eta berezitasunekin… baina, gutxi gorabehera, hutsik jasoko ditugu abentura hasterakoan. Partida bakoitzean, askotariko dueluak batuko dituzten ibilbide desberdinak zeharkatu beharko ditugu. Borrokak irabazi ahala, gure pertsonaiarentzako kolpeak, ostikoak, eraso bereziak eta bestelako indartzaileak desblokeatuko zaizkigu karta formatuan; roguelikea izanik, hiru kartaren artean hautatuko dugu borroka bakoitzaren ondoren.

Shoryuken ukabilkadak, kontraerasoak, hadouken izpiak… borroka jokoetako ohiko mugimenduak ikusiko ditugu kartetan. Noski, hauek desblokeatzeaz gain, dueluetan erabili ahal izateko teklen konbinazioa edo input-a ikasi beharko dugu. 100 karta baino gehiago agintzen dituzte egileek, “boteretsuak zein bitxiak”.

Borrokak eta roguelike partidak baino askoz gehiago ekarriko ditu, ordea, Shot One Fightersek. Istorio modalitate landua ere aipatu dute Red Moongoek: misioak eta erronkak gainditu ahala, etxe bezala funtzionatuko duen mecha robot erraldoia konpontzen eta txukuntzen joango omen gara, bidaia intergalaktikoan zinematikak eta bikoiztutako eszenak ikusita.

Itxura aparta dauka, baina amets hau ez da egiazkoa, oraindik: Shot One Fighters finantzatzeko Kickstarter kanpaina aurkeztu dute garatzaileek. “Laster” abiaraziko dutela aipatzen da orrialde ofizialean. Oraingoz PCrako iragarri dute borroka jokoa; dena ondo badoa, are plataforma gehiagotan ikustea espero dugu.