Kazutaka Kodaka Danganronpa sagaren sortzailearen obra berria PCan zein Switch kontsolan estreinatuko da.
Shuten Order aurkeztu dute Spike Chunsoft eta DMM Games taldeek Too Kyo Games zein Neilo estudioekin elkarlanean. Irailaren 5ean kaleratuko duten tituluak abentura, misterioa eta akzioa uztartuko ditu bost abenturen edo ibilbideren bitartez.
Danganronpa edo orain gutxi estreinatutako The Hundred Line: Last Defense Academy jokoen zaleek Shuten Orderren estetika ikusita argi edukiko dute: Kazutaka Kodaka zuzendariaren lan berria da. Horrela, Monokuma hartzaren jokoetako antzeko proposamena ikusiko dugu, hilketa baten erdian kokatuko baikara.
Shuten sektako buruaren hilketa da argitu beharko duguna… gure protagonistarena, alegia. Mundua bukatzeko 168 egun geratzen direla, oroitzapenik gabe berpiztuko gaituzte, eta lau egunetako epean gure hiltzailea bilatzeari ekingo diogu.
Sektako beste bost arduradun nagusiak dira susmagarriak. Hauetako bat ikertzea izango da partida bakoitzeko helburua, baina adi: jokagarritasuna aldatu egingo da ibilbide desberdinetan. Modu horretara, isil gordeka aritzeko mekanikak ikusiko ditugu susmagarri bat ikertzerakoan; beste batekin, baina, ihes gela estiloko puzzleak gainditzen ibili beharko gara.
Kodaka zuzendariarekin batera itzuliko dira, nola ez, Shimadoriru artista (Rain Code, The Hundred Line: Last Defense Academy) eta Masafumi Takada musikagilea (Danganronpa, Rain Code, The Hundred Line: Last Defense Academy) ohiko taldea osatzeko.
Danganronpa jokoek ikaragarrizko ospea eskuratu dute azken urte luzeetan, baina joan den hilabetean kaleratutako The Hundred Line: Last Defense Academy urteko ezuste handien artean kokatu da, maila bikaina erakutsita.
Shuten Order PC eta Switch plataformetan argitaratuko da irailaren 5ean.
Iruzkinak