Sloclap taldea ukipen pantailetara egokitutako arte martzialen abentura prestatzen ari da, PCan eta kontsoletan arrakasta eskuratu ondoren.

Sifu bikainak mugikorretarako bertsioak edukiko dituela jakinarazi du Sloclap estudioak. Android zein iOS gailuetan jokatu ahalko da urriaren 12tik aurrera.

2023an PCan zein kontsoletan estreinatutako bideojokoa balorazio bikainak biltzen ibili da ordu hartatik, baina proposamenak mugikorretan zer moduz funtzionatzen duen ikusi beharko da. Kolpe bizkorrak, konboak, kontraerasoak eta duelu latzak biltzen ditu arte martzialen testuinguruan: horiek ukipen pantaila bidezko kontroletara zer moduz moldatuko diren jakitea geratzen da.

Asasinoen taldeak aita hil ondoren, mendeku bila dabilen arte martzialen borrokalari gaztea gidatuko dugu —gizonezkoa edo emakumezkoa izanik, gure esku dago hori—. Bizitza osoa entrenatzen ematea ez da nahikoa izango, beharbada, dozenaka arerioren aurka egin beharko baitu bere bidean. Aitaren zintzilikari magikoari esker, baina, heriotzatik itzultzeko aukera edukiko dugu, prozesuan, zahartuz: borrokan jarraitzeko nagusiegia izan aurretik, abentura osoa gainditzea proposatzen zaigu Sifun, arte martzialen maisu izanik.

Game Erauntsian izugarri gustatu zitzaigun Sloclapen obra. Hauxe esan genuen gure analisian:

“Inolako konplexutasunik gabe lortzen du bere helburua Sloclapen azken proiektu honek. Borrokatzea proposatzen du; are garrantzitsuago, hori dibertigarria, desafiatzailea eta entretenigarria izatea bermatzen du”.

Ez zaigu gure bakarrik gustatu, ordea. Josu Igoa zaleak Sifu euskaratu zuen martxoan: PCko bertsioan gure hizkuntzan aritzeko aukera daukagu, testu guztiak zein interfazea euskaraz egonik. Itzulpen prozesua burutzea oso erraza da Igoak prestatutako tresnei esker: hemen aurkituko duzue informazio guztia.

Mendeku bidaia urriaren 12an hasiko da Android eta iOS mugikorretan.