“Zuon amesgaiztoetan, hiri hura ikusten al duzue?” galderarekin deitu dituzte zaleak zuzeneko aurkezpen berezirako.

Konami enpresa japoniarrak Silent Hill sagaren jarraitzaileentzako hitzordua iragarri du: beldurrezko jokoen frankiziaren “eguneraketak” aurkezteko zuzenekoa egingo dute etzi, urriaren 19an.

23:00etan abiatuko dute ekimena. “Zuon amesgaiztoetan, hiri hura ikusten al duzue?” galderaz aparte, ezer gutxi gehiago ikusi dugu momentuz sagaren webgune ofizialean; hori bai, eguneratutako logoa prestatu dute.

Esan bezala, hainbat proiektu ikusteko aukera izango dugula dirudi. Honek orain gutxi zabaldutako filtrazioekin lotura zuzena izango luke.

Lehenik eta behin, Silent Hill: The Short Message izeneko titulua azaldu zen Koreako adinkako sailkapen erakundean. Bigarrenik, Sakura proiektua ezagutu genuen sare sozialetako zurrumurruen bidez. Azkenik, Bloober Team estudioak Konamirekin elkarlana baieztatu zuen, proiektua zehaztu gabe: filtrazioen arabera, SH2ren berregitea prestatzen ari da.

Beldurrezko azken bideojokoa orain hamar urte baino gehiago kaleratutako Silent Hill: Downpour izan zen. Orain urte batzuk berriz saiatu ziren Hideo Kojima sortzailearekin elkartuz Silent Hills eratzeko; P.T. demo arrakastatsuaren ostean, proiektua bertan behera utzi behar izan zuten barne arazoengatik.

Aipatu modura, Silent Hillen zuzenekoa urriaren 19an egingo dute, 23:00etatik aurrera.