PC-ko zein kontsoletako bertsioak doan gozatu ahalko dira. Electronic Arts-en kudeaketa eta sormen joko ezagunaren laugarren atala 2014an estreinatu zen.
Electronic Artsek bere webgunean jakitera eman duenez, Sims 4 doakoa izango da datorren astetik aurrera. Zehazki, urriaren 18an pasako da doako formatura.
Aldaketa honek ordenagailuetako eta PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series nahiz Xbox One kontsoletako bertsioei eragingo die. Free to play-ra igarotzearen erabakia eta honek suposatuko duenari buruz hitz egiteko Behind The Sims Summit izeneko aurkezpen berezia iragarri dute, gainera: igandean 19:00etatik aurrera ikusi ahalko da Youtube zein Twitch bidez.
Izan ere, doakoa izango dena oinarrizko bideojokoa izango da; hau da, espantsioak eta bestelako eduki gehigarriak ordaintzen jarraitu beharko dute jokalariek. Eduki gehigarri guztiak erosi nahi badituzu, 984,43 euro ordaindu beharko dituzu gaur egun. Hori horrela, ez da harritzekoa oinarrizko jokoa dohainik eskaini nahi izatea.
Beraz, aldaketarekin EAren titulua zerbitzu bidezko bideojokoan bilakatuko dela uler daiteke; are gehiago, etorkizunean “jokoarentzako esperientzia berriak eta esanguratsuak” sortzen jarraitu nahi dute garatzaileek.
Orain 8 urte kaleratutako bideojokoa da Simsen laugarren atala. Hori horrela, jokoa erosita dutenentzako opariak prestatu dituzte arduradunek, doako formaturako aldaketak minik egin ez dezan: EA Play zerbitzuko harpidedunek Get To Work espantsioa jasoko dute; Ea Play Pro-koek, berriz, Get To Workekin batera Toddler Stuff-eko edukiak lortuko dituzte.
Esan bezala, Sims 4 dohainik gozatu ahalko da kontsoletan zein ordenagailuetan urriaren 18tik aurrera.
Iruzkinak