Maxis Studio-k hainbat gailutarako argitaratuko dutela adierazi du: joko gurutzatua ahalbidetuko da, gainera.

Behind the Sims Summit aurkezpena egin dute Electronic Arts-ek eta Maxis Studio garatzaileak. Bertan, Sims frankiziako berritasunei buruz jardun dira; aipatutakoen artean, sagako bosgarren atala iragarri dute ofizialki. Oraindik garapeneko lehen faseetan dagoen Sims 5 ezagutzera eman dute.

Project Rene izenpean, maila teknikoan ardaztu dira titulua aurkezteko. Hori horrela, eraikuntza eta apaindura arloak erakutsi dituzte: pertsonalizazioa izango da nagusi hurrengo bideojokoan, batez ere gehikuntza modularrak ahalbidetuz.

Adibidez, ohe bateko burua zein izaretako testurak nahi bezala apaintzeko aukera edukiko dugu. Antzekoa gertatuko da gainerako elementuekin; pertsonalizazioa beti izan da Simsekoen ardatzetako bat, baina oraingoan hurrengo mailara eramango dutela dirudi.

Multijokalaria eta elkarlana izango dira sustatuko dituzten beste ezaugarrietako batzuk. Erosterako eta sortzerako unean lagunekin batera ibili ahalko gara prozesua errazteko, bizkortzeko eta entretenigarriagoa egiteko asmoarekin.

Plataformak zehaztu gabe utzi dituzte, baina argi adierazi dute hainbat gailuri zuzendutako jokoa izango dela. Ohiko PC-az gain gailu mugikorretan ere ikusiko dugu Sims 5; horri lotuta, joko gurutzatua nabarmendu da aurkezpenean. Izan ere, multijokalarian plataforma desberdinetako erabiltzaileek elkarrekin jokatu ahalko dute.

Zer gertatzen da gure pertsonaiekin? Horiek erakutsi gabe geratu dira garatzaileak. Modeloetan eta hauen nortasunetan ikusiko ditugun aldaketak ezagutzeko itxaron egin beharko dugu, beraz. Lyndsay Pearson sormen zuzendariordeak azpimarratu duenez, jokoa garatzen baino ez dira hasi, eta inoiz ez dituzte Simsak horren laster ezagutzera eman.

Datozen hilabeteotan —nahiz urteetan— Sims 5i lotutako albiste gehiago jasoko ditugu.

 

Sims 4, doan

Orain aste batzuk adierazi bezala, Simsen laugarren atala doako formatura igaro dute EAkoek: ezer ordaindu gabe oinarrizko bertsiora jokatzea posible da orain. DLC-ak eta espantsioak, ordea, ordainpekoak izaten jarraitzen dute.

Are gehiago: eduki gehigarri berriak iragartzeko aprobetxatu dute aurkezpenean: doako edukiak zein espantsioak izango dira, eta 2023tik aurrera hasiko dira merkaturatzen.

PC, PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series eta Xbox One plataformetan abiatu dute doako Sims 4.