Hack and slash dinamikoak adimen artifizialak gidatutako robot armadaren aurka jarriko gaitu.
Next Stage indie garatzaileak Slam Tank akzio bideojokoa aurkeztu du. Tanke bat gidatzea proposatuko diete jokalariei, baina ez gerra arruntean tiroka aritzeko, kolpeka eta konboka hack and slash itxurosoan parte hartzeko baizik.
Adimen artifizialak munduko armategiak bereganatuta abiatuko da istorioa. Zorionez, hiru tanke —oraingoz— aske geratu dira, eta hauen gainera igota roboten zein bestelako makinen aurka ariko dira erabiltzaileak. Esan bezala, gudu handi errealistak guztiz alboratzen ditu tituluak, Devil May Cry edo Bayonetta bezalako jokoen oinarriak bereganatzeko.
Tankearen kanoiarekin kolpeka eta biraka, derrapatzen, arerioak airean jaurtitzen eta bestelako ohiko mugimenduak erabiltzen ariko gara etsai mekanikoen aurka; zelan ez, buruzagi erraldoien kontrako norgehiagokak ere biziko ditugu, esaterako, tren blindatu baten aurka.
Metal Gear Rising: Revengeance gogorarazten duten koloreekin, estetikarekin zein soinu bandarekin, hack and slash klasikoen mundua iraultzeko prest datorren —protagonista aldetik, bederen— obra interesgarria izan daiteke Slam Tank. Oraingoz ez dauka argitaratze datarik: PCko bertsioa kaleratzeko asmoa dute, gutxienez, Next Stagekoek.
Lander Unzueta
Iruzkinak