1.4 eguneraketarekin borrokalekuak, SSB berriagoetako ezaugarriak, objektuak eta abestiak inplementatu ditu The_Smashfather mod sortzailearen taldeak.

Smash Remix romhack proiektua da, inolako zalantzarik gabe, Nintendo 64 kontsolako Super Smash Bros. klasikoaren eraldaketarik interesgarriena. Azken eguneratzearekin Ganbare Goemon saga japoniarreko Goemon ninja eta Star Fox taldeko Slippy Toad nahiz Peppy Hare mitikoak borroka eroetan parte hartzera animatu dituzte romhackaren arduradunek.

Iragarpena, beti bezala, ikaragarri zaindutako bideoarekin egin dute. Pertsonaia berrien zinematikak, Goemonen jokoetan girotutako menua eta askoz gehiago prestatu dute oraingoan zaleek sortutako ezagutzera emateko:

Goemon Nintendo 64an eduki zituen bi plataforma jokoetako itxurarekin iritsi da Smashera, baita mugimenduekin ere. Piparekin zein txanponekin erasoko du, sekulako mugikortasuna erakutsita.

Slippyk eta Peppyk, bestalde, ohiko Star Fox taldearen mugimenduak mantenduko dituzte; halere, Fox eta Falco adiskideekin —zein Wolf arerioarekin— partekatutako erasoez gain, euren berezitasunak dauzkate.

Nahiz eta eguneraketaren izarrak borrokalariak diren, beti bezala denetariko berritasunak iragarri dituzte The_Smashfather garatzaileak eta bere taldeak.

Borrokaleku berriak zein aurretik kaleratutakoenen txukunketak ikusiko ditugu 1.4 bertsioan: Goemonen Edo hiria, Wave Race originaleko Twilight City zein Quest 64 RPG abenturako Melrode bisitatuko ditugu Smasheko norgehiagoketan. Horiekin batera Crateria, Deku Tree, Peach’s Castle II zein beste hainbat toki zeharo eraberritu dituzte, egitura aldatuta zein grafikoak hobetuta.

Jatorrizko bideojokoan ikusi gabeko ezaugarriak eta mekanikak doikuntza gisa aktibatzeko aukera inplementatu dituzte oraingoan. SSB berriagoetako teknikak —bug-ak izan edo ez— dira esanguratsuenak: Melee-ko hitstun-a edukitzea, babes perfektuak, wall teching-a… miraritxoak halako romhack batean.

Objektuen aldetik ere berritasun txiki, baina nabarmena jaso dugu adabakiarekin. James Bond espioiaren jokoetako —tira, filmeko— urrezko pistola iritsi da Smashera: bideojokoetan ikusi bezala, tiro bakarrean aka ditzake aurkariak —babesa aktibatuta badute, ezkutua hautsiko die—.

Oreka aldaketa, txukunketa eta bestelako eduki gehiago dakartza Smash Remixen 1.4 bertsioak: guztiak zerrendatu dituzte proiektuaren Github orrialdean.

 

Smash eraberritzen eguneraketa bakoitzean

Azken eguneratzeak dozenaka ezaugarri interesgarri dakartza, baina gauza bera esan daiteke proiektuaren aurreko adabaki handiengatik: Conker, Ganondorf, King Dedede, Marina, Dark Samus, Wario, Bowser, Falco zein Sonic borrokalariak inplementatu dituzte, esaterako, aurreko bertsioetan.

Kontu berbera gertatzen da mailekin, objektuekin eta ezaugarriekin: dagoeneko ehundaka berritasun gehitu ditu The_Smashfather zaleak bere proiektuari esker.

Smash Remix lortzeko jatorrizko bideojokoaren ROM fitxategia eduki beharko dugu. Hori webgune ofizialeko erremintan erabilita romhacka sortuko dugu. Erraza eta azkarra.

Eraldatutako ROMa emulatzaileetan erabil daiteke, noski: Kaillera tresna ezagunarekin batera online komunitate sendoa dauka Smash Remixek. Hala eta guztiz ere, jatorrizko Nintendo 64 kontsoletan jokatzeko aukera ere badago; joko originalak ez bezala, expansion pack gailua behar du romhackak.