Bideojokoa SomeHumbleOnion taldeak garatu du, eta Mooneye Studios-ek argitalpen lanak egin ditu. 2023ko ekainaren 10ean kaleratu zuten, eta plataforma desberdinetan goza genezake: Nintendo Switch-ean eta PCko Steam saltokian.

Mundu irekiko esplorazio abentura txikia dugu, edukiari dagokionean edozein adinetako jendeari aurkez dakiokeena. Irudi estilo xaloa eta umore ukituak dauzka, guztiontzako produktu entretenigarria osatuz.

 

Perretxiko txiki eta ausart baten abentura

Smushi laku baten erdian kokatutako irlatxoan bizi den perretxiko txikia da, oso pozik bizi da bere senideak diren Musho, Mishu eta Umirekin. Zoritxarrez, bat-bateko ezusteko batek oso urrun eramango du Smushi perretxikotxoa. Hori dela-eta, bere helburu nagusia etxera bueltatzea izango da; hala ere, bidean pertsonaia interesgarriak eta gauza berri mordoa ikasteko aukera izango du.

Ezagutzen ez duen toki batean aurkituko du bere burua eta orientazioa erabat galduta, etxeranzko bidea hartzen saiatuko da. Kokapen desberdinak zeharkatu behar izango ditu eta bertako pertsonaiei lagunduz, bere helmugara hurbilduz joango da.

Jokoak ez dauka borrokarik, eta aurkeztutako edukiek ez dute gutxieneko adinik eskatzen.

Hasi eta gutxira, bere abenturan oso baliagarriak izango diren tresnak aurkituko ditu Smushik: jauzi egin ondoren astiro erortzea baimenduko dion hostoa, eta hormetara helduz, bigarren jauzi bat egiten utziko dioten pioletak. Lanabes hauek ezinbestekoak izango dira perretxikoak biziko dituen gertakizunetan, hauetako batzuk hobetu ahal izango dira eta abilezia berriren bat ere agertuko da beranduago.

Bisitatuko dituen tokietan bi kristal mota aurkituko ditu barreiaturik: berdeak arruntenak izango dira, eta zenbait pertsonaiek diru bezala erabiliko dituzte. Zenbait kasutan kristal berde hauek trukatuko ditugu beharrezkoak izango zaizkigun objektuen ordez.

Badaude kristal moreak ere: hauek urriagoak dira, eta protagonistaren itxura aldatzeko erabiliko dira. Lehenik objektu berezi bat lortu beharko dugu eta hau erabiltzeko haina kristal more dauzkagunean, ordaindu eta erabilgarri agertuko zaigu aldaera estetikoa. Azpimarratzekoa Smushiren itxura aldatzeko direla soilik, ez dute funtzio berririk gehitzen.

Hasi eta gutxira, bere abenturan oso baliagarriak izango diren tresnak aurkituko ditu Smushik

Edozein unetan ordura arte bildutako objektuak aztertu ahal izango ditugu, eta gauden kokalekuaren mapa eskura egongo da baita ere, toki berriak ezagutzearekin batera marrazten joango dena. Menu horretatik bertatik aukeratu ahal izango ditugu aipatutako jantzi ezberdinak eta pertsonaiek eskatutako zeregin edo misioak. Horrez gain, beherago azalduko dugun perretxikoei buruzko informazio teknikoak ere menu honetatik izango du bere sarbidea.

Erritmo lasaian jolasteko moduko abentura eskaintzen du Smushi Come Home-k

Bideojokoak irudi estilo sinplea dauka, ez du prozesazio eskari handirik. Ordenagailuan jolasterakoan, objektuen zehaztasunaren kalitatea jaitsi genezake, itxura pixelatuagoa hartuko du jokoak eta behar izatekotan, errendimendu maila hobetuko da.

Estetikoki sinplea izan arren, zaindutako lana dela nabari da, estetika jakin bat bilatu da, bere era propioan interesgarria dena eta hau ondo lotzen da bere beste ezaugarri batzuekin. Pertsonaien zaratak eta soinuak ondo daude, eta zenbaitetan barregarriak dira. Erabilitako elkarrizketak ikusle ororentzako dira eta sarritan umore ukituak dituzte. Musika lasaia ere sartzen da tarteka, Smushik egindakoak atzetik girotzeko asmotan.

 

Gozatzeko eta ikasteko bizipena

Esan bezala esaten diren gauzak eta bestelako edukiak pertsona ororentzako modukoak dira. Hala ere, hiru dimentsiotan garatutako abentura da, eta jokalariari maila bateko abilezia eskatuko zaio: jauziak kontrolatzea, hostoarekin “hegaz” egitea eta kamera kudeatzea beharrezkoa batik bat.

Gai hauetan oinarrizko trebetasuna izanez gero ez da joko zaila eta erronka handienetan aldaera errazagoren bat eskaintzen du baita ere. Beraz, esandako arloetan gutxieneko ahalmena daukan edonork goza dezake, eta ez daukanak, beste norbait ikus dezake jolasten arazorik gabe.

Estetikoki sinplea izan arren , zaindutako lana dela nabari da

Smushi Come Homek badauka perretxikoekin lotutako gauza bitxi bat. Aurkitzen joango garen perretxiko motei buruzko informazioa emango digu hauen izen zientifikoarekin batera. Honek jokoa gure mundu errealeko perretxikoekin lotzen du eta adibide xumea izan badaiteke ere, eduki praktikoa ikasteko ahalegin interesgarritzat har daiteke.

Astiro erortzeko erabiliko dugun hostoa ezinbestekoa izango da hainbat kasutan.

Hiru edo lau ordu inguruko iraupena duen artelana dugu, ez da luzea baina erabiltzaileen gehiengoa oso gustura dago eskainitakoarekin. Steamen ia 900 iruzkin jaso ondoren, hauen %99 positiboa da; beraz, garatzaile taldeak zerbait ongi egin duela babes genezake hau jakinda. Oinarrizko trebetasun maila izanda eduki aldetik edonork goza dezakeen abentura sinple, polit eta laburra dugu.