2022rako Sonic berri batean ari dira gainera, triku urdinaren bi dimentsioetako lehen bideo-jokoen bildumarekin batera.

30 urte bete ditu SEGAren triku urdin supersonikoak. Hiru hamarkada igaro dira Megadriverako lehen Sonic The Hedgehogetik, eta japoniarrak aspaldiko jokoak gogoratu zein etorkizunera begira jarri ziren hori ospatzeko egindako Sonic Central aurkezpen berezian. Bertan egindako iragarpenen artean esanguratsuena izan zen Sonic Colorsen birmasterizazioarena.

2010ean Wii kontsolarako argitaratutako joko hau goitik behera berriztatuko dute egungo PC eta kontsoletarako. Atal teknikorako aldaketa eta hobekuntzak gaineratzeaz gain, joko mota berriak ere prestatzen ari dira Blind Squirrel Entertainmenteko garatzaileak. Rival Rush izeneko joko mota nabarmendu dute prensta oharrean: Metal Sonic bilauaren aurka egin beharko dute jokalariek bertan askotariko ordainsariak lortzeko.

Horrez gain, betiko oinarriekin jarraituko du Sonic Colors Ultimate honek. Wisps izeneko izakiak ezagutuko ditu Sonic abentura honetan, beraiei esker abilezia bereziak lortuta. Ohi bezala Eggman doktorearen aurka egin beharko du trikuak, kasu honetan izaki horiek salbatzeko helburuarekin.

Irailaren 7an merkaturatuko dute Sonic Colors Ultimate PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One, Switch eta PCrako; azken honen kasuan Epic Games Store saltokian soilik erosi ahalko dute jokalariek, hasiera batean behintzat.

Wiiko abentura ez zen izan Sonicen aurkezpenean ikusitako joko zahar bakarra. Sega Megadriverako eta Sega CDrako kaleratutako lehen bi dimentsioetako jokoen bilduma iragarri zuten bertan: Sonic OriginsSonic the Hedgehog 1, Sonic the Hedgehog 2, Sonic CD eta Sonic 3 & Knuckles bilduko ditu obra honek.

Eduki ahal dituzten aldaketei, plataformei edo argitaratze datari buruzko informaziorik eman gabe geratu ziren SEGAkoak, baina “laster” berritasunak eskainiko dituztela adierazita bukatu zuten iragarpena.

Azkenik, eta nola ez, triku urdinaren hurrengo bideo-joko handiaren iragarpena egin zuten japoniarrek. Oso teaser laburrarekin egin zuten baina, izenburua edo bestelako informaziorik eskaini gabe. Hori bai, belaunaldi berriko Sonic 2022rako prest edukitzea aurreikusten dute, eta plataformak ere baieztatu dituzte: PCan zein PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One eta Switch kontsoletan kaleratuko dute Sonic 2022.