PC-an zein kontsoletan estreinatuko da. Zaleen artean polemika piztu duten ordainpeko eduki gehigarriak aurkeztu dituzte japoniarrek.

SEGAkoek Sonic trikuaren jatorrizko abenturak birmasterizatuko ditu Sonic Origins bildumarekin. Ekainaren 23an estreinatuko dela baieztatu dute japoniarrek.

Sonic The Hedgehog, Sonic The Hedgehog 2, Sonic 3 & Knuckles eta Sonic CD guztiz birmasterizatzeko lanean dabiltza. Ekarriko dituzten berritasunen artean joko guztietan Sonic, Tails eta Knuckles protagonistekin jokatzeko aukera eta 4:3 formatu klasikoan nahiz urteurrenerako —iaz 30 urte bete zituen triku urdinak— bereziki prestatutako 16:9 formatuan aritzea eskainiko dituzte. Partida klasikoetan bizitza kopuru mugatua izango ditugu, baina urteurreneko sistemarako bizi mugagabeak edukiko ditugu.

Horiez gain misioen eta erronken mekanika eraberritua prestatu dute joko klasikoetarako. Desafio horien bidez askotariko elementuak desblokatzeko balioko duten txanponak eskuratuko ditugu: edukiak, erronkak eta maila bereziak azpimarratzen dituzten garatzaileek.

Sonicen 30. urteurrena ospatzeko bereziki sortutako bilduma den arren, zaleen artean haserrea piztea lortu dute SEGAkoek; izan ere, ordainpeko eduki gehigarri desberdinak eskainiko dituzten edizio bereziak iragarri dituzte. Esate baterako, jokoa erreserbatzen dutenek Start Dash izeneko DLC-a lortuko dute: bertan txanponak edo ispilu joko mota izango dituzte, besteak beste.

Premium Fun eduki gehigarriarekin, ordea, misio zailak, animazio bereziak, eta beste hainbat ezaugarri desblokeatuko dira. Mega Drive-ko jokoentzako abesti berriak lortzeko Classic Music DLCa erosi beharko da, baina. Azkenik, guzti hori biltzen duen Digital Deluxe edizioa ere aurkeztu dute. Halako eduki txikiak ordainpeko DLCetara eta edizioetara mugatzea ez zaio ondo irudi Sonicen zaleen komunitateari.

Plataformei dagokienez, PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One, Switch eta PC izango dira Sonic Origins jasoko dituztenak; ordenagailuen kasuan Steam nahiz Epic Games Store saltokietara iritsiko da. Esan bezala, ekainaren 23an estreinatuko da birmasterizatutako bilduma.