Urte bukaeran argitaratuko dituzte triku urdinaren animaziozko abentura berriak. 24 atal edukiko ditu.

Sega-ren pertsonaia ezagunena, Sonic, bazter guztietan agertzen ari da azkenaldian: ez da harritzekoa, japoniarrak bere 30. urteurrena ospatzen ari baitira. Sonic Frontiers izango da triku supersonikoaren hurrengo bideojokoa, baina horrez gain hiru dimentsioko irudiak eta bizi errealeko aktoreak eta kokalekuak batzen dituen bi filme jaso ditu —eta hirugarrena bidean da—. Hala ere, laster pantaila txikira ere iritsiko da Sonic Prime animazio telesailarekin. Netflixek jakitera eman duenez, hau euskaraz ikusteko aukera edukiko dugu.

Netflixekoek argitaratutako aurrerapen txikiari esker entzun dezakegu Sonicen ahotsa euskaraz. Ohi bezala, Eggman doktorearen aurka ariko da triku urdina. Informazio gutxi eskaini dute gidoiaren inguruan: hala ere, behin eta berriz aipatzen da mundua suntsitzea, beraz trikuaren edo kaosaren esmeralden erruz halako zerbait gertatzea aurreikusten da. Unibertso desberdinak ere aipatzen dira, gainera.

Sonicen lagunak ere ikusiko ditugu, nola ez: bideoan Shadow trikua zein Big katua —Froggy-rekin— agertzen dira. Tails, Knuckles, Amy eta gainerakoak ere azaltzea espero da hortaz. Kokalekuei dagokienez, momentuz Green Hill Zone klasikoa baino ez dugu ikusi.

Telesaila 24 ataletan banatuta egongo da: lehenak 40 minutuko iraupena izango badu ere, gainerakoek 20 minutu inguru iraungo dute. Animazioa Vancouver WildBrain estudioaren esku egongo da.

Argitaratze data zehatzik gabe, telesaila 2022ko neguan estreinatuko da. Ez dute aipatu euskarazko bikoizketa estreinaldiarekin batera entzun ahalko den: oraindik zehazteke asko dagoenez, baieztatze ofizialari itxaron beharko diogu.