Urte bukaeran argitaratuko dute Sega-k eta Rovio-k. Aurretik beta proba egingo da: izen ematea irekita dago.

Sonic Rumble iragarri du Sega japoniarrak Android eta iOS gailu mugikorretarako. Fall Guysen proposamena jarraituko duen plataformaz betetako battle royale abentura da.

Rovio (Angry Birds) etxearekin elkarlanean prestatutako lana dugu. 32 jokalarirentzako partideta ariko gara Sonic, Tails, Knuckles, Shadow, Robotnik eta Amy bezalako pertsonaia ezagunak kontrolatuz.

3D grafiko koloretsuekin prestatu dute bideojokoa; izan ere, Eggman doktoreak jostailuzko munduak sortu ditu, eta hauek dira protagonistak.

Lasterketak nagusi izango direla dirudi iragarpen bideoan: jokagarritasuna hiru dimentsiokoa da, baina proba batzuetan Sonic klasikoen 2D mekanikak egongo direla ikus daiteke.

Bidean triku urdinaren ohiko etsai robotikoak aurkituko ditugu: hauek suntsituta gure pertsonaientzako arropak eta apaingarriak desblokeatzeko eraztunak lortzeko aukera egongo da.

Bideojokoa urte bukaeran estreinatzeko asmoa agertu dute egileek: neguan argitaratuko litzateke. Ez dute, ordea, prezioari buruzko xehetasunik eman.

Argitaratu aurretik beta proban aritzeko aukera eskaintzen dabiltza, bukatzeko. Izen ematea irekita dago webgune ofizialean, eta onartzen dituzten jokalariek maiatzaren 24tik 26ra bitartean jokatu ahalko dute.