Emakumearen eguna ospatzeko genero ikuspuntutik aztertuko dugu Sorginen Kondaira bidoejokoa, emakume ikertzaileei ikusgaitasuna emanez.
Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta, bideojokoak genero ikuspuntutik lantzeko eta emakume ikertzaileei ikusgaitasuna emateko zuzeneko berezia prestatu du Game Erauntsia Elkarteak. Gaur, 19:00etatik aurrera Twitchen zuzenean, Il4rgi twitzlaria izango dugu Maitane Junguitu ikerlari eta Game Erauntsia Elkarteko kidearekin Sorginen Kondaira bideojokoaren analisiarekin. Junguitu komunikazioan doktorea da eta euskal animazioa eta bideojokoak ikertzen ditu.
Aurkezpenaren izenburua Euskal mitologiaren irudikapena Sorginen Kondairan: rolak eta generoa da. Izenburuak dioen bezala bideojokoaren eduki analisia egingo da, pertsonaien rolak eta generoa aztertuz. Ikerketa feminista eta emakumearen ikusgaitasunaren garrantzia azpimarratuko du Junguituk bere aurkezpenean.
Sorginen Kondaira bideojokoa gaur egun Sorgina: a tale of witches izenarekin eskuratu daiteke Steam bitartez. Joko hau 2016an argitaratu zuen Bilboko Binary Souls enpresak. Joko hau euskaraz jokatu daiteke eta euskarazko jokoen zerrendara gehitu zen lehendabizikoetarikoa izan zen. Euskal mitologian oinarritutako istorio honek entrenitzeaz gain hezitzea dauka helburua, hartzaileak 8 urte edo gehiagoko haurrak direlarik.
Gai hau Murtziako eta Universidad de Mar de Plata unibertsitateek antolatu zuten Historia y Videojuegos kongresuaren IV. edizioan aurkeztu zuen ikerlariak. Gainera, hitzaldi honetatik abiatutako testua argitaratu berri da gazteleraz Cronos, ¿estás? liburuan, dohainik eskuratu daitekeena. Bai kongresuan, bai liburuan genero ikuspuntutik hainbat ekarpen egin ziren bideojokoen arloan. Ikerketa hau euskaraz ezagutzeko aukera izango dugu gaur Twitcheko Game Erauntsiaren kanalean arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Jarraian, Il4rgi bere kanalean izango da bideojokotan jokatzen.
Iruzkinak