Sparklite Red Blue Games taldeak sortutako bideojokoa dugu, argitaletxe lanak Merge Games-ek eta Maple Whispering Limited-ek euren gain hartu zituztelarik. 2019ko azaroaren 19an kaleratu zen jokoa, eta hainbat saltoki digitaletan dago eskuragai (zenbait bertsio fisiko sortu baziren ere): Nintendo Switch, Xbox One, PS4 eta Steam. Protagonistari goitik begiratzen dion abentura dugu, gailu ezberdinak erabiliz esploratzera eta borrokatzera eramango gaituena. Kokalekuen sorkuntza prozedurala eta roguelite izaera uztartzen ditu.

 

Geodiako lur aldakorrak ezagutuz

Abentura honetan Ada mekanikaria kontrolatuko dugu, giltza zabalgarria, mailua eta bestelako gailuak maisuki maneiatzen dituena. Hemen ezagutuko dugun munduak Geodia dauka izena, eta, dirudienez, bere lurrak zeharo mugitzen dira, eta, beraz, sarritan modu ezberdinetan kokatuta egongo dira bere lur-sailak.

Ondorioz, zenbait pertsona hiri hegalari batean gotortu dira babestuta egoteko. Une batetik aurrera, toki hau Adaren abenturen abiapuntua izango da. Bertan, aurreko jokaldian bildutako sparklite mineralei esker, mota anitzetako hobekuntzak eskuratuko ditu.

Jokaldi hasieran, hiri hegalarian abenturarako behar bezala prestatzea komeniko zaigu.

Adaren ezaugarriak hobetu daitezkeen arren, arma, gadget eta itemek garrantzia handia bereganatuko dute hobekuntzak aukeratzerakoan. Izan ere, hauetako batzuek posibilitate berriak irekiko baitizkiote jokalariari. Hurrengo jokaldirako prest dagoenean, Adak hiri hegalariko pilotu bati eskatuko dio bere ibilgailuan lurrazalera jaitsi dezan.

Ezagutuko dugun munduak Geodia dauka izena eta dirudienez, bere lurrak zeharo mugitzen dira.

Lurrazalean bioma ezberdinak aurkituko ditu Adak. Mahasti ederrak, lokazti pozoitsuak edo basamortu hilgarriak, esaterako, hauetako bakoitzak dagozkion faunarekin, florarekin, arerioekin eta arriskuekin. Hala ere, hauekiko sarbidea ez da bat-batekoa izango, mailakatua izango baita, orokorrean kokaleku bakoitzeko etsai nagusia gainditu ondoren irekiko zaigu hurrengo tokirako bidea.

Gadget bat, guk geuk gidatuko dugun lehergailu hegalari batean datza.

Istorioaren hasieran azaltzen zaigu Adak bere arbasoengandik eta senideengandik jasotako lepokoaren ahalmena. Honek tenplu berezi batzuen barruan sartzea baimenduko dio Adari. Hauetako bakoitzean gadget bitxi bat aurkeztuko zaigu eta bere funtzionamendua ulertu dugula neurtzen duen buruhausgarriren bat.

Bukatutakoan, tresna han utziko dugu, baina Adak “atzerantzko ingeniaritza” egiteko beharrezkoa den informazioa lortuko du. Modu honetan, posible zaionean, hiri hegalarian berdin-berdina den beste ale bat sortuko du Adak norberarentzat.

Bioma bakoitzean Baroi gaizkilearen morroi nagusietako baten aurka egingo dugu borroka. Hauek eraikin batean aurkitu ditugu eta orokorrean makineria txikitzailea erabiltzen dute, oso arriskutsu zein oldarkorrak direlarik. Izan ere, Adaren kideek modu argian diote Baroia planetaren nukleora heltzeko egiten ari den zundaketek eragin larria dutela beraien munduan. Beraz, beharrezkoa da Baroia eta “Baroiaren Titanak” bezala ezagutzen diren bere zerbitzariak geldiaraztea.

Kontu handiz ez bagabiltza, etsai nagusiek gogorki zigortzen gaituzte beraien erasoekin.

Kanpoaldean aurkituko ditugun arerioez gain, batzuetan labetxeak (furnaces) aurkituko ditugu. Eraikin hauek lurrazpia txikitzen dute gaizkileen intereserako, eta lurrazpian daukaten labea geldiaraztea komeni da. Bertan dauden etsaiak menperatuz gero, lortuko dugu labea itzaltzea eta sparklite kopuru handi bat.

Hauetaz gain, badaude beste kokaleku eta zeregin batzuk bioma bakoitzean. Zortea dugun ala ez probatzeko minijokoak izango ditugu zirku itxurazko kokaleku batzuetan. Zenbait tokitan altxor txikiak egongo dira eskuragarri, eta hauek lortu nahi izanez gero, pentsarazi egingo digute. Gainera, lurrazalean zehar barreiatuta eta ezkutatuta dauden objektuak bilatu beharko ditu Adak.

Tenplu hauetan gadget berriak erabiltzen ikasteko aukera izango dugu.

Estetika aldetik pixel estiloko artelan koloretsu, eder eta bizia dugu Sparklite. Pertsonaien mugimendu eta bestelako animazioak politak dira eta izaera naturala erakusten dute. Jokoak suposatu izan zuen proiektuaren eskalan irudiaren arloa zutabe nagusietako bat izan zela pentsa daiteke. Soinuari dagokionez, behar bezala laguntzen dio irudiari, hain deigarria ez den arren.

Arma, gadget eta itemek garrantzia handia bereganatuko dute hobekuntzak aukeratzerakoan.

Argitu beharrekoak dira bere sorkuntza prozedurala eta roguelite izaera. Geodiaren lur-sail aldakorren aitzakiarekin, jokaldi bakoitzean toki garrantzitsuak lekualdatu egiten dira, eta beste guztiak era berri batean sortzen dira. Gainera, beste batzuen artean Zelda: A Link to the Past bezalako obretatik edaten duen arren, ez du aurrera egite eredu klasikoa erabiltzen. Etsai nagusi bat menperatu arren, hurrengo jokaldian lehen biomatik hasiko gara berriz ere, eredu klasikoaren jarraipentasun sentimendua galduz. Gainditutako tenplu eta arerio nagusien eraikinak itxita egongo dira, baina “berriz sortua” izan den mapa bat izango dugu begiaurrean.

Biomen arteko aniztasunak kolore ezberdinetako paisaiak dastatzera eramago gaitu.

Egileak erabaki honen ondorioen eraginen jabe ziren, maila batean behintzat. Hori dela eta, hau leuntzeko neurriak ezarri zituzten, hasiko dugun jokaldi berriaren errepikakortasuna txikitzeko. Bioma osoen mapa argitzeko tresnak eta kokapen garrantzitsuenak non dauden erakusten duten adierazleak izango ditugu erabilgai.

 

Kontuan hartzeko ezaugarri erabakiorrak

Sparklite bi jokalariek batera joka dezakeen bideojokoa dugu, hala ere, bigarren jokalariak jasotako esperientzia nahiko partziala da. Izatez, bigarren jokalariak Adaren robot edo dronearen kontrola hartuko du eta zeregin batzuk egiteko gai den arren, bigarren mailakoak izango dira. Ez du etsaiengandik kalterik jasoko, ezta hauei kalterik eragingo. Lurrazpian ezkutatuta dauden objektuak ateratzera bezalako atazetara mugatuta egongo da.

Lokazti pozoitsuan zuhurtziaz mugitu beharko gara kalteak ekiditeko.

Orokorrean modu positiboan baloratua izan den arren, badaude bere aurka plazaratutako kexak. Hiri hegalariak hobekuntza asko eskaintzen ditu, baina hauek erosteko txanpon mota bakarra dagoenez (sparklitea) jokaldi asko izango dira beharrezkoak den-dena lortzeko.

Hori dela eta, batzuek kokaleku prozeduralak eta roguelite izaerak kalte egiten diotela deritzote. Beste batzuek gadget, item eta armetan jartzen dute azpimarra, tresna berriak jaso arren, hasieratik dauzkagun oinarrizko giltza zabalgarria eta mailua erabilgarrienak direla diote, berrikuntzen pisua nahikoa ez dela babestuz.

Goitiko ikusmiradun abentura koloretsu eta interesgarria aurkezten digu Sparklitek. Borroka zein buruhausgarri entretenigarriak eskainiko ditu kokaleku erakargarrietan. Esperientzia duin bat eskuragarri jartzen digun arren, garrantzitsua da jakinaren gainean egotea, ez da abentura klasikoa edota bi jokalarirentzako esperientzia “osoa” bilatzen dutenentzat.