“Zer ekarri duzu oraingoan? A ze itxura eskasa duen honek!”. Speedrunners lagunekin jarri dudanetan entzundako lehen gauza izan ohi da. Ez diet ezer leporatzen, DoubleDutch Games taldeak eta tinyBuild argitaletxeak 2013an Steam plataforman argitaratu zuten tituluaren —aldez aurretik nabigatzaile bidez joka genezakeen— aurkezpena nahiko gogorra baita.

Flash jokoen aroko grafiko zaharkituek —baina xarmagarriek— planteamendu berezia bezain dibertigarria gordetzen dute, ordea: lehen begirada ezkorren ostean, bizio hutsa den multijokalaria dela argi geratzen doa, utzi ezin duzun horietakoa.

Izenburuarekin speedrun saioei keinu egiten badiote ere, ideia horretatik pixkat aldentzen den jokoa dugu Speedrunners. Arkade lasterketa jokoa dela esan dezakegu, kart lasterketen antzekoa: objektuak eta zirkuitu eroak izango dira nagusi hemen. Ahaztu, baina, autoez edo bestelako ibilgailuez; horren ordez, lasterka ariko gara, 2D plataforma joko klasikoen mekanikak eta tankera hartuta.

 

Aurkariak atzean utzi nahian

Mario zaharrak, multijokalarian eta ziztu bizian. Horrela deskriba dezakegu, azkar batean, Speedrunners. Lau partaide ariko dira, gehienez, lasterketetan lehiatzen, baina azkarrenak soilik biziraungo du. Proposamen sinplea, baina ukitu bereziarekin: irabazlea ez da izango helmuga zeharkatzen duen lehena, gainerako jokalariak pantailatik kanpo uzten dituena baino. Ideia horrekin dibertsioa biderkatzea lortzen duen indie zoragarria dugu.

Oztopoz betetako toki desberdinak proposatzen dizkigu jokoak: hiriak, itsasontziak, lantegiak, liburutegiak edo kasinoak bisitatuko ditugu, besteak beste. Mailen zerrenda errezenetik zailenera antolatuta dago; horrela, lehen zirkuituetan jauzi txikiak eta gure korrikaldia geldoarazteko kaxak aurkituko ditugu, baina, aurrera egin ahala, amildegiak, jaurtigailuak, eztenak eta ibilbide labirintikoak zeharkatzen ibiliko gara.

Girotzea baino ez da aldatzen orokorrean, baina badaude ezaugarri bereziak dituzten mailak, gutxi badira ere: adibidez, laborategian boostacoke freskagarriak batu ditzakegu gure gehienezko abiadura areagotzeko.

Dena den, bizirauteko azkarrak izan beharko gara. Oso azkarrak. Atzean gelditzen denaren partida ziztu bizian bukatuko da, eta jokalari trebeenen erritmoa jarraitzea ez da batere erraza izango. Aipatutako proposamen sinplearen atzean Speedrunners menperatzeko askotariko mekanikak daude.

 

Saltoka, irristaka eta kulunkaka

Ezagutuko dugun lehena, ziurrenik, bere gantxo dibertigarria da: lerro zuria daukaten sabaietan lotu dezakegu kulunkatzeko. Amildegiak gainditzeko aproposa izateaz gain, era egokian erabilita abiadura areagotzeko lagungarria da, lortutako inertziaz baliatuta aurkariak atzean utziko baititugu. Inertzia hori ere gakoa da aldapetan: abiadura handiarekin airean gabiltzala aldapara erortzen bagara bagara, gure pertsonaia katapultatuta aterako da.

Flash jokoen aroko grafiko zaharkituek —baina xarmagarriek— planteamendu berezia bezain dibertigarria gordetzen dute.

Zailena azaltzen hasi naiz, baina, behin oinarriak ulertuta, horien bila joango gara. Maila handiko jokalarien bideoetan ia hegan dabiltzala ikus dezakegu, kulunkaka eta irristaka. Bestelako mekanikak ere egon badaude: hormen artean jauzika ibil gaitezke, edo lurrera botatzen leku estuetatik igarotzeko. Bukatzeko, turboarentzako barra daukagu: gune berezi batzuk zapalduta kargatuko zaigu, eta edonoiz erabil dezakegu abiadura hartzeko.

 

Maila ofizialak, baina baita komunitatearenak ere

Elementu hauek nahikoa dira partida dinamikoak eta zirraragarriak osatzeko. Maila bakoitzaren ibilbidea desberdina denez, eskaintza anitza daukagu. Are gehiago, DoubleDutcheko garatzaileek sortutako maila ofizialekin batera komunitateak eratutakoak ditugu: Speedrunnersek hauek bideojokoan ofizialki txertatzen ditu, eta mailen menutik aukera zein jaitsi ditzakegu zuzenean. Bozkatuenak nabarmentzen dira, gainera, zaleen zirkuitu bikainenak ezagutzeko aukera eskainita. Eskaintza ia amaigabeaz goza dezakegu.

Zirkuituek ez daukate helmugarik, esan bezala, baina hauei biraka ibiliko gara. Hainbat bide izan ditzakete, eta, batzuetan, lasterbideak irekitzeko —edo ixteko, gainerakoei izorratuz— palankak ukitu beharko ditugu. Kaosa nagusituko da, alegia.

Ibilbideok buruz ikastea da jokoak proposatzen digun erronketako bat: 2D planoan korritzearekin, eta lau jokalariak pantailan sartu nahirik, gehienetan ez dugu aurrean datorrena ikusiko… eta ez hori bakarrik: partaideetako bat atzean geratu eta desagertzen denean, pantailaren ertzak lehertuko dira. Hortik aurrera, atzerako kontaketa hasten da: pixkana-pixkana, marko gorri beldurgarria areagotzen joango da, pantailatik kanpo geratzea eta galtzea erraztuz, emozioa eta zirrara biderkatzen diren bitartean.

Speedrunnersen unerik onenak osatzen dituzte hauek: bi edo hiru jokalarik antzeko trebezia maila dutenean, eta pantaila laukitxo txikia baino ez denean bizirik jarraitzea lortzerakoan. Efektuek eta musikak inpresio hori handitzen laguntzen dute, eta barre algarak zein haserreak bermatuta daude. Norgehiagoketako errege izan gura duenak zirkuituak ondo ezagutu beharko ditu, beraz.

Oinarrizko mekanikak zein aurreratuak azalduta, hau arkade lasterketa jokoa dela gogoratu beharra dago; zelan ez, ausazkotasuna eta kaosa are gehiago sustatzeko objektu desberdinak eskuratuko ditugu gure ibilbideetan. Bonbak, izozteko izpiak, kaxak… ideia sinpleak dira, baina ez da besterik behar: maitatzeko eta gorrotatzeko nahikoa. Aurkariak oztopatzeaz gain, abiadura lortzeko aproposak izan daitezke: bonba guk nahi dugunean leher dezakegu, esaterako. Eztanda une egokian kalkulatuta, nahi dugun alderantz aterako gara. Urrezkoa izan behar zen objekturik onena: urrezko gakoarekin aurreko lasterkaria harrapatuko dugu, lekualdaketa eraginda.

Pertsonaia desberdinen artean aukera dezakegu, baina ez dago aldaketarik mekaniken edo estatistiken artean: guztiek modu berean funtzionatzen dute, eta ez dugu abantailarik edo desabantailarik jasoko bata edo bestea hautatzearren. Itxura sorta zabala dago, eta partidak jokatu ahala esperientzia lortuko dugu; hauei esker, are pertsonaia, itxura eta kolore gehiago desblokeatuko ditugu gure partidetarako.

 

Bakarka, lagunekin zein mundu osoko aurkariekin

Speedrunnersekin gozatzeko hainbat modalitate desberdin ditugun arren, lasterketak dira nagusi gehienetan. Bakarka joka dezakegu bere kanpainan: erronka txikiak aurkituko ditugu, heroien abenturak bizita. Ez da aukerarik dibertigarriena, egia esan. Bot aurkarien aurkako lasterketa arruntak ere bizi ditzakegu.

Multijokalariari dagokionez, zatitutako pantaila da protagonistetako bat; esan bezala, lagunekin elkartuta sumindurak eta lehiak bermatuta daude. Online aritzeko aukera ere eskaintzen digu jokoak: partida kasualetan ibil gaitezke, baina baita lehiakorretan ere. Azken kasu honetan, gure emaitzen arabera mailaz igoko gara, eta horren arabera antolatuko dira norgehiagokak.

Speedrunnersen unerik onenak osatzen dituzte hauek: bi edo hiru jokalarik antzeko trebezia maila dutenean, eta pantaila laukitxo txikia baino ez denean bizirik jarraitzea lortzerakoan.

Hau benetan garrantzitsua da. Speedrunners oso dibertigarria da… trebezia maila bereko jokalariek jokatzen duten bitartean. Partidak azkar batean buka daitezke desorekatuta baldin badaude, eta, kasu horretan, ez dugu batere gozatuko —iaioak zein traketsak izan—. Partida kasualetan askotan gertatu zait: jokalari bakarra besteak baino nabarmen trebeagoa bada, joko guztia erortzen da. Tokiko multijokalarian aritzerakoan kontuan hartzekoa da: ez baduzu asmatzen, presta zaitez kexak eta egurra jasotzeko.

Bideojokoak hamar urte baino gehiago ditu, baina. Zer moduz aurkitzen da gaur egun? Tira, jokalarien kopurua nabarmen jaitsi da azken urteotan, eta komunitate nahiko txikia —baina sendoa— biltzen du: aldi berean 200 edo 300 jokalari elkartzen dira egunero 2024an. Partidak aurkitzea zaila izan daiteke, hortaz, ordutegiaren arabera.

Dena den, garatzaileek ekitaldi bereziak antolatzen jarraitzen dute; alabaina, udan antolatutako Lord of the Runs izeneko txapelketa ikusita itzuli naiz beste behin Speedrunnersera. Ez hori bakarrik, eguneraketa txikiak ere ikusiko ditugu noizbehinka: azkena urriaren 8koa da. Ez da gutxi, 2013ko titulua dela jakinda.

Ez dago Speedrunners bezalakorik. Plataforma zein lasterketa joko eroen zaleek benetan gozatuko duten obra berezia eta bakarra da: indie garatzaileen sormen gaitasuna agerian jartzen duen titulu sinple baina dibertigarria. Gaur egun euro gutxiren truke eskura dezakegula kontuan hartuta, proposamenak erakartzen bazaitu bai ala bai probatu beharreko jokoa. Are gehiago, lagun pare bat animatuz gero.