Mossmouthen abentura arrakastatsuaren jarraipenak ilargira eramango ditu jokalariak.

Derek Yu garatzaileak abuztuko State of Playean iragarri zuen Spelunkyren jarraipena irailaren 15ean argitaratuko zela Playstation 4an. Orain, PCko bertsioaren argitaratze data zehaztu du Mossmoutheko arduradunak: Spelunky 2 irailaren 29an estreinatuko da Steamen.

Bigarren atalak lehenengo jokoan ikusitako guztia handitu eta hobetuko duela agindu du Spelunkyren arduradunak: “Spelunky 2ren mundua aurreko jokoan ikusitakoa baino handiagoa da, askoz ere gune, pertsonaia, tranpa eta item gehiago biltzen baititu”.

Abentura honetan ere prozeduralki sortutako ziegak bisitatuko ditu jokalariak mota guztietako altxor eta sekretuen bila. Oraingoan ziegak ilargian kokatuta egongo dira. Lau jokalari aritu ahalko dira batera bigarren jokoan, eta sare bidezko jokoa ere edukiko du Spelunky 2k.