Derek Yu garatzaileak roguelike bikainak Nintendoren kontsolara helduko direla iragarri zuen Indie Worldean.

Spelunky roguelike generoa eraberritzera etorri zen 2008an. Mossmoutheko Derek Yu garatzailearen obrak esplorazioa, ausazko kokalekuak eta behin eta berriz hasieratik hastea gozagarri egin zituen. Orain, Nintendoren kontsolatara lehen aldiz iritsiko da plataformaz betetako abentura.

Orain egun batzuk egindako Indie World aurkezpenean eman zuen horren berri Yuk. Switcheko bertsioak bi jokalarirentzako tokiko multijokalaria edukiko du, eta jatorrizko bertsioetan ikusitako guztia berreskuratuko du.

Baina Spelunky ez zen izan garatzaileak iragarritako joko bakarra: bigarren atala ere Switchera helduko dela baieztatu zuen. Spelunky 2 aurten estreinatu da PlayStation 4an zein PCan, eta laster jokatu ahalko dute Switcheko erabiltzaileek. Kasu honetan tokiko multijokalaria ahalbidetzeaz gain sare bidezko jokoa ere egongo da.

Bi jokoentzako argitaratze data zehatzik eman gabe, 2021eko udan kaleratuko direla adierazi du Mossmouthekoak. Nintendoren webgunean ikus daitekeenez joko bakoitzak bere fitxa propioa dauka, beraz bakarka salduko direla suposatu daiteke.