Tiro joko koloretsuaren jostagarritasun bideoa prestatu dute multijokalari eraberritua erakusteko.

Nintendok 2022an kaleratzeko prestatzen ari den bideojokorik ezagunenetakoaren argitaratze data zehaztu du sare sozialetan: Splatoon 3 dibertigarria irailaren 9an merkaturatuko dutela ziurtatu dute japoniarrek.

Printzipioz udan argitaratzeko asmoa zuten arren, azkenean Switcheko jokalariek pixkat gehiago itxaron beharko dutela dirudi. Itxaronaldia errazteko, ordea, gameplay trailer berria eratu dute N Handikoek. Multijokalarian fokuratu dira bertan: Turf War joko motako partida osoa ikus daiteke bideoan.

Lau jokalariz osatutako taldeek parte hartuko dute partida hauetan. Helburua, nola ez, ahalik eta aurkari kopuru handiena akatzea edo “tindatzea” izango da. Mapa berria aurkeztu dute bideoan, baina askoz gehiago egongo direla gogoratu dute, bai hirugarren atalerako espresuki sortutakoak, bai aurreko jokoetakoak. Armategi aldetik ere elementu berriak ikusiko ditugu, noski.

Splatoon multijokalariarengatik egin zen ospetsua Nintendoren kontsoletan. Hala ere, bigarren ataleko istorio joko motak erabiltzaile asko gatibatzea lortu zuen. Hori errepikatzeko asmoarekin datoz Return of the Mammalians deitutako kanpainarekin.

Splatoon 2 aipatuta, joko horren Octo Expansion eduki gehigarria Nintendo Switch Online + Expansion Pack harpidetza zerbitzuan gehitu duela jakinarazi du Nintendok. Modu horretara, oinarrizko Splatoon 2 dutenek ezer gehiago ordaindu gabe joka dezakete hedapenera.

Splatoon 3 irailaren 9an estreinatuko da.