Roguelite mekanikak inplementatuko ditu istorioko atal berriarekin. Spire of Order dorrea igo beharko dugu.

Nintendo-ren tiro joko ezagunak berritasunak jasoko ditu laster. Splatoon 3k aspaldi iragarri zuen Side Order eduki gehigarria; argitaratze data falta zen ordea, eta N handiak otsailaren 22an merkaturatuko dutela jakinarazi du.

Side Orderrek jokalari bakarrarentzako kanpaina ekarriko du. Ohiko proposamena aldatzera dator, ordea: berjokagarritasuna izango da ardatz, horretarako roguelite elementuak gaineratuz.

8 agentearen helburua Spire of Order dorreko gailurrera iristea izango da: horretarako pisu bakoitza zeharkatu beharko du, erronka desberdinei aurre eginez.

Maila bakoitza gainditzerakoan hurrengoan aurkituko dugun zailtasuna erabaki dezakegu: gelarik zitalenak osatzerakoan lortuko dugun altxorra hobea izango da: abiadura handiagoa, inguruneari eragiten dioten erasoak areagotzea, abilezia bereziak…

Kolorerik gabeko mundua izango da protagonista, eta honen misterioa argitzea zein ihes egitea, gure helburua. Splatoon 3ren bigarren DLC handia da; aurretik, joko originaleko Inkopolis hiria bisitatu genuen.

Side Order eduki gehigarria otsailaren 22an estreinatuko da Splatoon 3rentzat.