Uztailaren 23an estreinatuko da roguelike estiloko Splatoon abentura Switch 2 kontsolan.

Aste batzuk barru estreinatuko den Splatoon Raiders tiro jokoak Direct aurkezpena jaso du Nintendo-ren eskutik. Emanaldi berezian, jokoaren armak, etsaiak, hobekuntzak zein tanke mekanikak ezagutarazi dituzte garatzaileek.

Jokalari bakarrarentzako proposamena dakarren tiro jokoa da Raiders. Aurreko Splatoon jokoen ideiak eta mekanikak hartuta, ateratze tiro joko (extraction shooter) zein roguelike abenturen zutabeak bereganatzen ditu.

Ia 20 minutuko zuzenekoan salmonid arerioetan ardaztu dira. Izokin mutanteok era guztietako tamainak eta itxurak dituzte: txikienak taldean ariko dira, adi ibiltzera eramanez, baina etsai nagusi zitalen aurka ere egin beharko du gure Inkling protagonistak, bakoitzak berezko erronkak proposatuta. Azkenik, salmonid gatzatuak (Seasoned Salmonids) ditugu: indartutako buruzagiok Raidersen azken erronka dira.

Zorionez, izokin munstroei aurre egiteko 100 arma konbinazio eta eraldatzaile baino gehiago ditugu. Arerioak garaitu ahala azalduko zaizkigu tresnok, maila eta ezaugarri desberdinekin. Gainera, hiru tinta tanke mota edukiko ditugu: abiadura tankea, botere tankea eta tanke taktikoa. Bakoitzari bi tresna (gadget) ezarri ahalko dizkiogu, nahi bezala pertsonalizatuta gure gogoko abileziak eskuratzeko.

Gadget hauek abenturan zehar eraikitzen joango gara, zatiak aurkituta. Adibidez, jauzi bizkorrak emateko, beyblade erako tronpak jaurtitzeko edo metrailetadun dorretxoak ateratzeko balioko digute. Armak, tankeak zein tresnak hobetzen eta indartzen joango gara lortutako baliabideei esker, hauen ahalmena areagotuta. Erlikia misteriotsuak izango dira aurkitzeko zailenak zein boteretsuenak.

Bukatzeko, laguntzera etorriko diren Frye, Shiver eta Big Man musikalariak nabarmendu beharra dago, erabiliko duten robot boteretsuarekin salmonid arerioen aurkako borroka erraztuko baita.

Spirhalite irlak esploratzeko ezinbestekoa izango da gure baliabideak kudeatzen aritzea. Altxor bila ariko gara toki batetik bestera, ziegetan barneratuz, zailtasun mailak gora egiten duen bitartean. Ez gara zertan bakarka aritu behar, behintzat: lau jokalarirentzako online multijokalaria proposatzen du Splatoon Raidersek

Uztailaren 23an jasoko dute Switch 2 kontsolako jokalariek Splatoon Raiders.